Ondasun komunaren ekonomia

Aurrekoan Christian Felber-ek “ondasun komunaren ekonomia” hizpide izan zuen Donostiako udalak antolatutako #sistemaerrorea izeneko hitzaldi sorten barruan. Lehen gauza deigarria hitzaldiaren tokia izan zen. Berak aipatu bezala, Kasino eraberritu baten areto nagusian izan baitzen, hau da, udaleko areto nagusian.

felber_donostian
Egilea: Ekai Txapartegi

Christian Felberrek bere ongizate komunaren ekonomia ideia ezaguna azaldu zuen hitzaldian. Ikusi ez duzuenok bideoan ikusteko aukera duzue, baina bestela ere badira antzeko bideoak sarean, hemen bat:

Badira urte batzuk gauza hauetan interesatuak gaudela BakalHau kolektiboan eta orain baita Talaios gure kooperatiban ere. Ezagutzen genituen Felberren teoriak, baina hala ere aurrez aurre gauza gehiago ikusten dira.

Gustatu zitzaizkidan entzundako zenbait gauza, banku alternatibo eta demokratiko baten garrantzia, aberastasunaren banaketaren azpimarra, jabetza pribatuari nolabaiteko mugak ezartzea… oinarrizko balio hauek ia edozeinek sinatuko lituzkeenak dira.

Duda asko ere sortu zizkidan, erlijiotik gertuko ikuspuntuak adibidez. Beste gauza deigarri bat, kapitalismoa eta komunismoaren bipolaritatean, bere proposamena hirugarren bide bezala aurkeztu izana.

Hala ere, Felberrek beti egin izan dio erroko liberalismoari keinu bat, horixe baita honen guztiaren erroa, berak “benetako” liberalismoa deiturikoa. Bere ustez, gaurko liberalismoak edo neoliberalismoak ez baitu hori errepresentatzen, jabetza pribatuaren eskubidea beste guztiaren gainetik jartzen duela baiteritzo Felberrek. Ez hori bakarrik (hau nik gehitzen dut), inongo estatu interbentziorik eskatzen duen liberalismoak, legez lortu du bere programa estatuak onartua izatea, ez al da hau interbentzio maila gorena? Super-egitura guztia zure mesedetan lanean dagonenan ezer gutxi gehiago eska dezakezu, “zure lana” egiten uztea, eta arazoak dituzunean, hori bai, erreklamatzea baino.

Hitzaldian zehar Internet bidez gauza interesgarriak irakurtzeko aukera izan nuen. Apunte batzuk denbora errealean bertan eman ziren. Bereziki, Butanekozoriontasun indizearen” aipamenaren harira Amondarainek idatzitako honek interesa piztu zidan:

Hitzaldia bukatzean argi gelditu zen, bere proposamena, BPG-a neurgailu den bezala, OKI-a (Ondasun Komunaren Indizea) neurgailu bezala erabiltzea da. Horretarako ekonomia eredu horren parte diren enpresak lagundu, beraientzako onura fiskalak lortu, sistema administrabioan ohikoak diren prozesuetan txertatzea ere helburuen artean dituzte. Horrek arrakasta zer den ere aldatuko duelakoan proposatzen dituzte neurri hauek. Oraingo indikadore makroak (BPGa) eta mikroak (enpresa mozkinak), justuagoak diren batzuekin erabat ordezkatzea proposatzen dute. Felberrek esan bezala, 2. belaunaldiko Enpresa Erantzunkizun Soziala sortu nahi dute.

Hitzalditik gauza negatibo gutxi, baina beharbada zertifikazio programaren nondik-norakoa garbi ez uztea egotziko nioke. Galdera tartea horretarako zegoen eta erabili nuen bi galdera egiteko:

Berak horrela adierazita eztabaida hauek guztiak ingurune kultural/erlijioso protestante batetik abiatu ziren, hauen gehiegizko botere ekonomikoari erreakzio bezala. Gauzak horrela, galdetu nion ea beste kultura erlijioso batzuetako inguruneetan arazorik izan duten ideia hauek hedatzeko.

Horren aurrean, berak mistizismora jo zuen, erligio guztiek dituzten oinarri komunak etab. azpimarratuz. Soberan dago adieraztea galdera ez zidala erantzun. Azken finean, talka nabarmenak nabaritzen nituela azpimarratu nahi nuen. Ez erligiosoak bereziki, baizik eta kulturak.

Bigarren galdera zertifikazio prozesuari buruzkoa izan zen. Felberrek hitzaldian banku handiek sortutako arazoez hitz egin zuen; sistemaren biziraupenerako handiegiak omen dira erortzen uzteko. Banku horien ezinbestekotasuna kritikatu zuen eta ados nago.

Hori ikusirik, proposatzen duten zertifikazio prozesuak, beraiek ere ezinbesteko bihurtzen ote dituen galdetu nion. Horrez gain bere kostu errealari buruz ere galdetu nion, zertifikatu izateak kostu bat duelako.

Bere baiezko borobilak harritu ninduen egia esan. Plangintzan ezinbesteko zertifikatzaile bihurtzea dute helburu, baina ez bakarrik hori, administrazioek ere beraien lana ofizialtzat hartzea ere nahi dute. Administrazio publikoek honen kargu egitean ez dut arazo handirik ikusten, baina beraien zertifikazioa beharrezko eta bakar bihurtu nahi horrek izutzen nau. Badira erabili daitezkeen indikadore asko, horrelako zertifikaziorik beharko ez luketenak. Hitzaldi osoan zehar eztabaidara irekita zegoen mugimendu bezala aurkeztutakoak, eta zertifikazio prozesu zentralizatu bat proposatzeak erabat harritu ninduen.

Ez da kapritxo bat edo olatukoop-en proposatu izan dugunaren kontra doala, oker egon gaitezke gu ere, baina badira mila arazo modelo horretan. Zertifikazio agentzia zentralizatu bat, kanon bakar bat sortzeak arazoak sortzen ditu beti. Irizpide honekin jaio dena kontrolatzeko aukera, barnean sartzearen kostua asumitu ezin dutenen esklusioa, zertifikatu nahi ez dutenen bazterketa… Eredu horren akatsak erakusten dizkiguten adibideak baditugu, labela dutenak barne.

Hitzalditik haratago Felberren proiektuaren “intentzio ona” nabari da, baina aipatutakoez gain bi dira nire ustez puntu ahulak. Lehena, ereduaren osotasuna edo izaera holistikoa da. Ethos orokor bat irudikatzen du humanismo batetik edo giza birtuteak kontutan hartuz. Argi dago denak ez garela berdinak, argi dago ere jende gehienak zenbait birtute partekatzen dituela, baina hortik ethos erreal komun bat dagoela ondorioztatzea zaila da.

Egongo balitz ere, bakoitzak era ezberdinean irudikatzen du hori, bere partikularismotik eta beraz eztabaida, elkartrukea, elkarrekintza ez dagoen bitartean ez da erreala izango praktikan. Irudikatze horrek azken finean harreman errealen ordezkapen bat bilatzen du, konfiantza ezartzea, berez ezezagunak diren pertsonen artean.

Azkena, bere proiektuaren hasieran enpresari talde dinamiko bat kokatzen du sustatzaile moduan. Intentzio oneko enpresari horiek dira proiektua aurrera aterako dutenak eta besteak kutsatzeko gai izan behar dutenak. Pertsona horien “intentzio ona” ez dut dudan jarriko, baina oraingo sistema osoa, eta ez bakarrik ekonomia, subjetu horretan oinarrituz aldatzen saiatzea ezinezkoa iruditzen zait. Gehiengoaren kondizioak aldatzea bilatzen baduzu, gizartearen gehiengoa kontutan hartzea garrantzitsua izango da ez? Enpresa arrakastaren berdefinizio batek ez du zertan gizartea bera aldatu behar, gizartearen gehiengoa ez baita horren parte. Elite “intentzio oneko” berri bat sortuko luke, oraingoa baino hobea, seguru, baina…

Bakoitzak bere bisio propioa izango du Felberren ondasun komunaren ekonomiari buruz. Zerbait positiboa atera nahi izan dut nik, nahiz eta gure proposamenak ideologikoki eta praktikoki beste batzuk izan. Neoliberalismoak bere aurka egiten duen diskurtso suntsitzailearekin konparatuz behintzat planteamendu positiboagoa da.

Galdera bat ere egin gabe geratu zen: Ondasun komunaren ekonomia modeloa edonork balia dezake, librea da?

[box type=”info”]Artikulu hau Teketen blogean publikatu zen lehenik.[/box]

Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]