Panoptiko digitala

sanchenhausen

Imajina ezazu zirkunferentzia erdia, eta koka zaitez erdigunean. Puntu horretatik, orain begirada luzatu zirkunferentzia bukaerara, eta marra bat margotu. Mugitu apur bat, eta beste bat egin, horrela zirkunferentziaren erdia marra bidez zatitua duzun arte, eguzki izpiak balira bezala. Zirkunferentzia zena paretak dira orain, eta marraztu dituzun marra horiek barrakoi ilaren arteko korridoreak. Zirkunferentziaren erdian zaude, dorre batean, eta bere kristal tindatu panoramikotik, zuk bakarrik, kanpoan gertatzen den guztia kontrolatzen duzu. Ez dago zure begiradari ihes egiten dion txoko txikiena ere, dena duzu kontrolpean. Kontzentrazio esparru bateko guardia zara.

Espainiak guardiaren papera hartu du, eta panoptikoaren filosofia berdina darabil. Modelo horren bidez, ahuleziak ezkutatuz, ahalik eta baliabide gutxienekin, ahalik eta kontrol gehiena eskuratzea bilatzen du. Kontrol totala erakutsi, dorrean guardia bakar bat duenean. Are gehiago, dorreko kristal tindatuei esker guardiarik gabe ere, guardiarik izango ote den beldurra besterik ez du behar jendea uzkurtzeko.

Txiolarien aurkako azken sarekadaren bidez efektu hori bilatu nahi izan dutela dirudi. Zenbait pertsonak idatzitako iritzi eta mezuen aitzakian, muntaketa mediatiko itxura hartu duen kanpaina bat abiatzea. Horrek beldurra sortu eta adierazpen askatasunaren eremu gero eta gehiago txikituko dutelako ustean.

Erabilitako estrategia komunikatiboak ere, betiko kazetaritzaren paper lotsagarriarekin batera, ez du sorpresarik eman. Kanpaina eraikitzeko sortutako bideoak, horrek bai, muga guztiak apurtu ditu: zenbait egunkari euskaldunen irudiak, ikurrinak, kartelak… delitu ez diren gauza ugari argudio gisa.

Hala ere, jendearen erantzuna beste behin ere argia izan da. #TxiolariakAskatu traolpean milaka izan dira elkartasun mezuak eta gaur-gaurkoz esan dezakegu beldurra helburu zuen estrategia arintzea behintzat lortu dela.

Batzuek Internet kontrolerako tresna huts gisa ikusi nahi badute ere, Internet askatasunaren esparru garrantzitsuenetakoa dugu oraindik. Era honetako estrategien erabilera soilak erakusten du kontrol osoa eskuratzeko zailtasuna.

Laster, beharbada, kristalaren atzean guardiarik ez dagoela ikusiko dugu, baina egonda ere, bakarra izanik, ezingo du aurrean duen jendartearekin.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]