2024ko urte hasieran abiatu zen Torrekua proiektua TEKS elkartearen bitartez eta Errenteriako Udalaren babesarekin. Talaios hasieratik egon izan da TEKS elkartearen barruan, teknologia burujabetza sustatzeko bideak landuz eta Ekonomia Sozial Eraldatzailearen ideiak martxan jarriz. Torrekua bezalako espazio bat Errenteria erdigunean izatea aukera paregabea izan da aurretik aipatutako bi ildo horiek lantzeko.
Talaiosetik ekarpen desberdinak egin ditugu denbora honetan zehar, helburu horiek jorratzeko asmoz: bai teknologia digitalen arloarekin zerikusia duten jardunaldiak edota ekintzak kudeatuz eta gauzatuz, eta baita proiektu berriak Torrekuara erakarriz ere. Hala ere, aurrera eramaten lagundu ditugun ondoko proiektuak azpimarratu nahiko genituzke bereziki:
Torrekuaren webgunea: Webgunearen teknologia guztia prestatu eta martxan jarri dugu. Bestalde, lan-talderako ezinbestekoak diren kudeaketa tresnak prestatu ditugu, dena webguneko tresnan zentralizatuz.

Teknologia denontzat: Teknologia digitalen inguruko oinarrizko tailerrak burutu ditugu hilabetero. Hauen asmoa, herritarrei egunerokoan erabiltzen ditugun gailu eta tresnen erabileran ahalduntzea izan da.
T4U mintegiak: Teknologia Libreen eta aktibismoaren inguruko loturak aztertu, hausnartu eta lanketak egiteko asmoa duten jardunaldiak dira. Horrela, azaroan, Zer geratzen da sozialetik sare sozialetan? Ekintza kolektiborako estrategia berriak jardunaldia antolatu zen Badalabekin batera, Marta G. Franco eta Leire Lison hizlari lanetan gonbidatuz.
Oarsopedia: Wikipedia tresna sustatu eta herriko eduki libreak bultzatzeko ekimena antolatu genuen azaroan. Honen bitartez, Oarsoaldeko gaiekin lotutako ekarpenak Wikipedian jasotzea bultzatu nahi da, horretarako herritar taldeak elkartuz.
Azpiegitura digitala: Torrekuako erabiltzaileek lanerako ezinbestekoak dituzten tresnak dituzte eskura, besteak beste, Nextcloud, Zulip edo Odoo zerbitzuak. Horiek martxan jartzen eta kudeatzen jardun izan dugu orain arte.





