Sants-etik

Can Batllo
Can Batllo

Garai interesgarriak bizi ditu Kataluniak. Azaroaren 9rako galdeketa data ezarri ostean, gauza asko aldatzen hasi dira, beste batzuk azkartzen eta baita egoera berriak ere sortzen. Komunikazio eta teknologia proiektu askori ere horrela gertatzen ari zaie.

Aste honetan bertan Bartzelonako Sants auzoan egoteko aukera izan dut. Bertan La Burxa eta La Directa ezagutu ditut. Lehena, auzoko informazioa zabaltzen duen hedabidea; bigarrena, hedapen handiagoa bilatzen duen astekaria. Biek, papereko edizioa izateaz gain, edizio digitala ere badute.

La Directa-k erreferentzialtasun handia lortu du, eta barne prozesu batean murgilduta dago. Behar eta testuinguru zehatzetatik jaiotako hedabide batez ere militantea da, eta bere egituraketa eta bideragarritasuna lantzeko erronkaren aurrean dago orain. Bide horretan, komunitatearen, digitalaren eta paperaren arteko ohiko tentsioez gain, egitura juridikoari buruzko eztabaidan ere murgildu dira.

Historikoki auzo honetan mugimendu kooperatiboak indarra izan du, baina, batez ere, oraingoak eragin handia izango du, ez dago dudarik. La Directa-ren ondoan, Ciutat Invisible gune kooperatiboa dago, liburu denda bat baino gehiago da, eta apur bat harago, Coop 57 zerbitzu finantzarioen kooperatiba. Auzo osoa kooperatiba sare handi bat da, Barri Cooperatiu bat, alegia.

Hedabide horien egoera, ziurrenik, beste arlo askotan ere izango da; noski, lerro hauetan hainbeste landu diren beste arlo teknologikoagoak barne. Telekomunikazio eta energia alor estrategikoetan seguruenik ere burujabetzaren bidetik doazen proiektuak azkartzen joan beharko dute, testuinguru berriak bultzatuta.

Ez da kasualitatea Guifi sare libre eta neutral bat eraikitzeko proiektua eta Som Energia energia ekoizpen eta kontsumo kooperatiba bezalako proiektuek Katalunian hasi izana. Horiek eta beste batzuek ere indar berria hartuko dute.

Etorkizuneko jokaleku berri horietan, sektore estrategikoen egituraketa burujabea eta horri lotutako planteamendu ekonomiko berriak kontuan hartzea ezinbestekoa izango da. Hori egin ezean, zailagoa izango da jokaleku berri horietara salto egitea, beste loturarik sortu gabe.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]