Hankak lurrean

amazon_drone
Iturria: amazon.com

Amazonek droneak erabiliko ditu bere bidalketak egiteko. Hori da, behintzat, enpresak berak esandakoa eta munduko milaka hedabideek zabaldutakoa. Horren atzean dagoena: marketin kanpaina itzel bat besterik ez. Ondo atera zaio jokaldia Amazoni; drone batzuk martxan jarri, eta bideo batek haren markaren hedapena handitu du. Zaila da, baina, esaten duten hori egitea; oraingoz, ezinezkoa.

Legedi aldetik, oraingoz behintzat, trabak besterik ez ditu izango ekimenak. Lortuko balute trabak gainditzea, teknikoki drone horiek jaso behar dituztenek ezaugarri bereziak izan beharko lituzkete: jasotzeko leku egoki bat, biltegi batekiko gertutasuna, egoera klimatiko egokiak…

Hortik kanpo, proiektua mamituko balitz ere, Amazonen negozioaren atal txiki bat besterik ez litzateke izango. Bai orain, baita epe laburrera begira. Noski egongo direla horrelako ekimenak berrikuntza gehien duten merkatuetan. Droga trafikoan kasu, aspaldi erabili izan dira. Oraingoz, Amazonek e-commerce munduan duen nagusitasuna indartzeko kanpaina bat besterik ez da hau.Berria

Deigarriagoa da niretzat nola ez garen ezer prestatzen ari Amazonek dakarren ereduari aurre egiteko. Espainia aldean hasi dira; Corte Inglesek eta Casa del Librok estrategia bateratu bat eramango dute aurrera Amazon bezalako enpresei aurre egiteko. Ez da lan makala, baina egin beharrekoa da.

Amazonek eredu oso zentralizatu baten bidez sareko salmenta eta banaketan erabateko aldaketa ekarri du. Badira proba daitezken beste eredu banatuagoak ere, baina egia da lortu duen arrakastak beste asko ito ditzakeela. Bertako langileen lan baldintzak ikusita, lehenak langile horiek. Baina negozioez ari naiz oraingoan.

Enpresa handi hauei egiten zaizkien opariekin bukatu beharko genuke. Badakit oso deigarria izan daitekeela drone bat, baina albiste horren atzean dagoena ere garrantzitsua da. Kazetaritzak gai teknologikoetan, oro har, gozokia tragatzeko joera handia du. Applelen produktuak horren adibide dira askotan; berritasun gutxi izanda ere, albiste bihurtzen ditugu beti.

Hobe genuke zerura begiratu beharrean hankak lurrean jarri eta Amazon nola erabili edota hari nola aurre egin pentsatzen hastea. Hurrengo urteetan banaketa eta erreferentzialtasuna gakoak izango dira edozein ekimen aurrera eramateko.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]