Urte bat pasa da Unai, Beñat eta Gorkak Talaios Ahalduntzean Oinarritutako Sareak Kooperatiba Elkarte Txikia sortu genuenetik. Aingura altxatu genuen egun horretan efemerideak begiratu genituen: pobreziaren aurkako egun internazionala; AEBetako langile federazioak urte horretako maiatzaren 1etik aurrera lan jardunaldia 8 ordukoa izango zela erabakitzen du, horrek maiatzaren 1eko sarraskia eta ondorengo langileen nazioarteko eguna izango denaren arrazoia; Euskal Herrian Aieteko bake konferentzia izan zen eguna ere bada… Ilargia ere begiratu genuen eta egun horretan Merkurio zeharkatzen omen zuen, auskalo zer esan nahi duen horrek, baina gure oharretan erregistratu genuen.
Atzera begira gehiegi jarri gabe, urte bakar batean gauza asko egin ditugu, gure lanen zerrenda ikusi besterik ez dago. Aholkularitza teknologikoak, hedabide digitalak, online dendak, aplikazio propioak, beti ere teknologia libreetan oinarrituta. Azken proiektuen artean daude adibidez, Donostia Gaur jendartearekin harreman gertuago bat eramatera ausartzen ari den hedabide publikoa. Edo Fraisoro nekazal eskolarekin ilusio berezia egiten digun ahalduntze teknologikorako prozesu bat, non eredu ezberdin bat bilatuko dugun, teknologiaren laguntzarekin.
Ez da hezkuntzarekin dugun harreman bakarra. Ikastaroak, hitzaldiak, mintegiak… emateaz gain azken asteetan Mondragon Unibertsitateko LEINN graduan ere parte hartzen du Talaiosek. Ekintzailetasunaren sustapena bilatzen duen gradu honetan Gorkak Informatika ikasgaia ematen ari da. Oso pozik gaude, blog honen bidez irakurtzen dituzuen ideia eta praktika asko esparru akademiko horretan ere islatzen hasi direlako.
Baina, Talaiosek baditu beste batzuekin batera egindako proiektuak ere. Horrelakoak dira casa-aramendia.com eta lupulu.com . Lehena, tradizio handiko gozogile familia honen denda eta bigarrena garagardo ekoizpen artisauerako proiektua, Alez Aleko Joseba Karrikiri lagunarekin batera. Proiektu hauetan, komerzio elektronikoarekin esperimentatzen ari gara eta bietan DIY Do It Yourself, zuk zeuk egiteko bidea irekitzen duten kit edo produktuak saltzen ditugu, ikastaroekin batera.
Halere, produktu eta zerbitzuen ekoizpenetik haratago Talaios ez dago bakarrik. BakalHau/Blogsoviet komunitateko lagunak beti ditugu gertu, eztabaidatzeko, laguntzeko, elkarlanean aritzeko… Lagun asko eta konbertsazio interesgarriak edukitzeaz gain, elkarrekin komuna den etorkizun bat marrazten hasteko balio izan digu guri. Gurea bezalako enpresa komunitario bat ez da ezer bere komunitaterik gabe. Bertatik jaio zen Talaios eta espero dugu urte askotan komunitate horrek bizirik jarraitzea eta noski handitzea.
Orain arte, kontatu ez badugu ere urte bakar batean gure barne izaera komunitarioa handitu besterik ez da egin. Garraioa komunitarizatu genuen lehenik, garraio publikoan egiten ziren bidaiak kooperatibaren jardueraren parte izatera pasatuz. Ondoren, komunikazioa ere komunitarizatu genuen, telefono mugikor eta Internet sarbidea (etxekoa ere) gure lan tresnak ezinbestekoak direla erabaki eta esparru pertsonala eta lanaren arteko bereizketarekin bukatu genuen hor ere. Azkena oraingoz, elikagaiak izan dira, astero kooperatibak Basherri kontsumo talde bateko bi otarre jasotzen ditu eta bazkari kooperatiboekin ere esperimentatzen hasi gara.
Komunitatea indartzen saiatu gara, baina hortik kanpo, proiektu interesgarriei ere gure sostengua adierazi nahi izan diogu. Horregatik, urte honetan Fiare banku etikoaren eta Goiener energia kooperatibaren bazkide egin gara. Gure helburuekin erabat datozen proiektuak izanik keinu txiki honek, garrantzia handia izan du guretzat. Guk egin dugun moduan beste batzuek egiteko balio dezakeelakoan gaude gainera.
Aipatutakoak bezalako ideiak eta beste asko hedatzeko, komunikabideetan indarra jarri nahi izan dugu. Hedabide askok beren ateak ireki dizkigute horretarako, horrela Euskadi Irratia, Info7, HalaBedi, Gaur8, Berria eta noski TTanTTakun hedabideetako kolaboratzaile gara. Inplikazio maila ezberdinekin, baina denetan teknologiaren eta jendartearen arteko etorkizuneko erronkak aztertzen saiatzen gara. Gure ikuspuntutik noski, baina beti bizi garen jendarte honen errealitatetik abiatuz.
Etorkizunari begira jarrita ikasturte honetan bi proiektu garrantzitsu izango ditugu. Lehenak, beste proiektuek denboran sostengagarritasuna bilatzen saiatuko den bat eta bigarrena, etorkizunera begira jarriko den lan tresna bat. Oraindik ezer gutxi esan badezakegu ere, biak ilusio handiz lantzen ari gara eta espero dugu laster berri onak komunikatu ahal izatea.
Gure proiektu kooperatibotik haratago, garrantzitsua iruditzen zaigu, bizitzea tokatu zaizkigun garai interesgarri hauek beste batzuekin nola eraiki daitezken pentsatzea. Klima berezi bat sortzen ari dela ikusten dugu, klima horretan bide berriak jorratzeko beldurrik gabe gure ekarpena egingo dugu eta egitera goaz OlatuKoop-ekin. Badakigu gainera ez gaudela bakarrik eta horietako batzuk oso gertu sentitzen ditugu Sorgin Etxe, Abisald3sign, La Hormiga, Barking blogs, Gaueko, LauTech, Las Indias, eta beste lagun asko…
Albisteetan kooperatiben ereduaren mito bat bezala aurkeztu eta batzuek eraisteko gogoa argi azaltzen duten bitartean, beste eredu kooperatibo batzuk sortzen ari direla frogatzen ari gara. Errealitate gara eta etorkizuna izateko indarra badugu.