Telegramaren itzulera

telegram
Iturria: http://telegram.org

WhatsAppek eragin handia izan du komunikazioaren arauetan. Batzuetan telefonoa, SMSa edota Facebook bidezko komunikazioak ordezkatzeraino. Komunikazio mota horren arrakasta argia da, baina baditu aurkariak eta alternatibak; azkena, Telegram.

Segurtasuna izan da beti WhatsAppen kritika nagusietako bat. Komunikazioaren sekretua behin baino gehiago jarri izan da kolokan tresnak izandako arazoen ondorioz. Azken bertsioetan arlo hau hobetu badute ere, zerbitzari bitartekari baten bidez komunikatzean zelatatzeko aukera egon daiteke beti.

Hori ikusita, hainbat aplikaziok «WhatsApp seguruago» baten ikurra hartuta, erabiltzaileak arrantzatzera atera dira. Horien artean, Vkontaktek, Facebooken ondoren erabiltzaile gehien dituen sare sozialaren sortzaileek ateratako Telegram.

Telegram software librea da, eta, WhatsAppek ez bezala, beste gailu batzuetatik ere erabil daiteke. Seguruagoa ere badela diote, eta hori frogatzeko ziurtatu dute webgunean uneko trafiko zifratua apurtzen duenari 200.000 dolarreko saria emango diotela.

Horrez gain, pertsonen artean komunikazio zuzenagoa ahalbidetzen duen modu bat ere badu. Instalatzeko erraza da; WhatsAppekin alderatuz gero ez dago alde handirik, joko leloak egiteko ikonoak ere badaude. Jende gutxiagok erabiltzen badu ere, hasi da zabaltzen.

Ez da aukera bakarra; beste asko ere badaude, eta horietako batzuk are seguruagoak. Surespot bi komunikazio puntuen arteko komunikazio zifratua ziurtatzen duen aplikazio interesgarria da. Testu, irudi eta audio mezuetarako erabil daiteke, eta, ezagun egiten ari den Snapchat bezala, mezuak ezabatzean jaso duenaren telefonotik ere ezabatzea lortzen du.

Zerbitzari propioekin ibiltzeko aukera ematen duten tresnak ere badaude. Gehienek XMPP protokoloa erabiltzen dute. Horrelakoak dira, adibidez, Xabber eta Beem aplikazioak; horiek ere komunikazio seguruagoak ahalbidetzen dituzte OTR mezuak zifratzeko protokoloa baliatuta.

Aukera ugari, beraz, gakoa segurtasun, erosotasun eta erabileraren arteko orekan dago. Bat edo beste aukeratzeko garaian, besteek egiten dutena asko eragiten du, baina askotan beste batzuentzat ere norberak egiten duena garrantzitsua dela ahazten dugu.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]