Ziur informatika menderatzen duen lagunik baduzula; gainera, ziur lagun horren lanbidea ere badela. Informatiko izateak ezer gutxi esan nahi du, baina garatzailea, sare kudeatzailea edo analista bada ere, horietako askok ez du izango titulazio ofizialik.
Beharbada, beste arlo batzuetan baino gehiago, informatikan jendeak batetik eta bestetik ikasteko joera izaten du. Ikasketek hori eskuratzeko aukera ematen dizute titulazio baten bidez, baina, orain arte, mila bide egon dira nahi zuenak ikasi ahal izateko.
Informatika alorrean beti izan da horrela, eta, nire iritziz, gure lanbidean intrusismoa deitu izan denaren beste ikuspuntu bat dago. Beste alor batzuetan titulua ez duena intrusoa dela esan ohi bada, informatikaren alorrean, norbaiti deitzekotan, dituen gaitasunak besteen aurrean erakusteko gai ez denari esaten zaio. Era baikor batean kontatuz gero: gaitasunak erakusten dituenari aitortzen zaio bere papera informatika alorrean.
Eredu horiek aukera dute orain beste arlo askotara igarotzeko. Noski, medikuntza bezalako alorretan ez da gertatuko oraindik, baina bai, beharbada, beste batzuetan. Pasioa eta meritukrazia bezalako balioek garrantzi handia izan dezakete aurrerantzean.
Horrekin batera, eskuratutako gaitasunak eta horiek erakusten dituen erakundeak oraindik ere garrantzia izango dute. Halere, haien papera aipatu beste faktoreekin nahastu beharko dute. Hau da, tituluek oraindik garrantzia izango dute, baina pasioa eta meritukrazia erakutsi edo neurtzeko gaitasuna ematen duten tresnekin ere nahastuko dira.
Open Badges proiektuak horixe lortu nahi du. Hainbat bideren bidez jasotako ezagutzak baloratzeko eta jasotzeko aukera ematen du. Lortutako ezagutza bakoitzeko iruditxo bat, txapa bat lortzen da. Horrela, ikasle batek aukera du hainbat lekutan bildutako ezagutza txikiak biltzeko, adibidez, Mozilla Backpack-en bidez.
Bide horrek balio dezake ikasketa prozesu askotan kontuan hartzen ez diren gauzak neurtzeko. Zeinek daki; noizbait, beharbada, horrelako sistema batek tituluen balio bera edo handiagoa izan dezake lana bilatzeko garaian. Halere, eredu meritukratiko bakoitzak bere bideak garatzen ditu merituak lortu, eman eta erakusteko; eta horiek ez dakit txapa batean sartzen diren.
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:
[related_posts limit=”4″ image=”100″]