Hollyweb

Egilea: | Lizentzia: cc-by-nd
Egilea: fsf.org | Lizentzia: cc-by-nd

HTML5-i buruz asko hitz egiten bada ere, oraindik ez dago amaituta. Orain arte web orriak egiteko erabili izan den espezifikazioak bide luzea du oraindik egiteko.

Nabigatzaile berrienek jada inplementatua dute unean uneko HTML5 espezifikazioa, eta, horren ondorioz, gauza gehienak jada erabil daitezke. Azken eztabaida, aldiz, kopiaren kontrako DRM (Digital Rights Management) edo Eskubide Digitalen Kudeaketa sistemak sortu du.

HTML espezifikazioan hori sartu edo ez eztabaidatzen ari dira. Harrigarria bada ere, Tim Berners Leek —protokoloen irekitasuna defendatu eta webaren sortzailea da— horren alde egin du. SXSW konferentzian horri buruz galdetu, eta DRM gehitzeko aukeraren alde egin zuen.

Google eta Microsoft, bi nabigatzaile garrantzitsuen sortzaileak ere ados daude. Askotan ikusi dugu Google Internet aske baten aldeko ekintzetan; betiere, noski, haien interesarekin bat datozenean. Hori dirudi, behintzat, kasu honetan. DRMren aldeko jarrera hori ulertzeko beste biderik ez dago eta.

Aurkako mugimendua ere handia da, aktiboenak FSF (Free Software Foundation). HTML5-ean DRM ez jartzeko kanpaina abiatu dute ondoko webgunean: http://www.defectivebydesign.org/no-drm-in-html5. Hollyweb deitu diote DRM erabiliko lukeen web berriari, Hollywood osatzen duten enpresa pribatu handien mesedetan jokatuko lukeelako edo.

Argi dago, web hori osatzen duen protokoloan bertan DR txertatzeak orain artekoa erabat eraldatuko luke. Nire ustez, protokoloak ez luke gaitasun hori gehitu beharko, eta protokoloa beste gauza batzuetan hobetu beharko luke. Batez ere, DRMren erabilerak zuzenean eraso egin diezaioke webaren berezko funtsari, haren irekitasunari, murrizketa horiek txertatuz gero.

Eztabaida aurrera doan bitartean, halaxe doaz weba eta hari atxikitutako teknologia guztiak; WebRTC (Web Real-Time Communication) da horietako bat. Horri esker, lehen ez bezala, nabigatzaileen arteko konexio zuzenak egin ahalko dira gehigarririk gabe. Horrek, bideoa, audioa, fitxategiak… zuzenean erabiltzaile batetik bestera, bitartekari gabe bidaltzeko aukera emango luke. HTML5-ekin gertatzen dena garrantzitsua da, baina web irekian sinisten badugu, WebRTC izan daiteke web askeago bat sortzeko bidea, gure Hollyweb.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]

Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]