Eszisioak ospatu

zibergara_header
Egilea: Zibergara.net | Lizentzia: cc-by-sa

Blogak berriro modan omen daude, horixe entzuten da behintzat. Datuekin frogatu beharreko baieztapena bada ere, errealitatea da bizirik iraun dutenak gero eta garrantzi handiagoa izaten ari direla.

Blogak garapen indibidualerako tresna moduan duen balioa ukaezina da. Zerbait kontatzerakoan egin beharreko antolaketa eta hausnarketa ariketak automatikoki barnean zerbait aldatzen du. Ariketa hori maiz egitearen ondorioz, pertsonak askotan autonomiadunak eta ahaldunduta sentitzen dira; ez da gutxi.

Blogen funtzio indibidualaz baino, funtzio kolektiboaz gutxiago hitz egin izan da. Blog bat inguruko komunitate batekin batera sortuz gero, hor sortzen diren harremanak oso garrantzitsuak izaten dira.

Urte batzuk dira jada Blogsoviet blog komunitatea sortu zuela orain BakalHau  deitzen den taldeak. Jakintza tekniko zehatzik gabe, talde bat bildu eta bakoitzak bere blog indibiduala sortzeko ezagutzak eskuratzeko helburua zuen komunitate hark.

Beste helburu bat ere bazuen: lortutako ezagutzekin antzeko komunitateak sortzen laguntzea.

Denborarekin, hori errealitate bihurtu da, lehena Txintxarrisfera izan zen. Ondoren, Laboretegiak bera sortu zuten, eta orain Zibergara sortu da, Bergara inguruan komunitate bat sortzeko asmoz.

Erro komun bat duen komunitate batetik abiatuz komunitate berriak sortzea oso pozgarria da. Beste eredu batzuetan «eszisioak» drama modura ikusten badira ere, eredu honetan ospatzekoak izaten dira. Komunitate horrek bere elkarrizketa eta ideia propioak garatuko ditu, baina, horrez gain, sortu ziren komunitate amarekiko harremana eta elkarrizketak ere mantentzeko aukera izaten jarraitzen du.

Harreman horiei esker komunitate horietan sortzen diren ideiak, onak badira, segur aski besteetara ere kutsatuko dira. Ideiak eta berrikuntzak elkar ezagutzen duten pertsonen elkarrizketen artean izaten dira, gero hortik besteetara erraz hedatzeko.

Nahiz eta adibide modura erabili dugun, segur aski ereduak ez du blogetarako bakarrik balio. Komunitate horietatik jaioko dira ziurrenik etorkizuneko ideia, ekinbide, enpresa eta elkarte berriak.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]

Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]