No future!?

reset-the-net
Iturria: resetthenet.org

Zein da nahi duzun etorkizuna? Zertan, non, zeinekin… Hori da askotan bakoitzak bere buruari egiten dion galdera. Azkenaldian eta arlo oso ezberdinetan etorkizunik egongo ote den zalantza ere badute askok. Etorkizuna denbora lerro batean etorri behar duen hori izango ez balitz bezala, hura nola izan daitekeen pentsatzeko aukerarik eman nahi ez baligute bezala.

Gure jendartean ustez etorkizunaren paradigmak markatzen eta gidatzen dituen teknologiaren alorra ere ez da honetaz salbu. Honetan ere etorkizun posibleak askotan aurre-definituak daudela dirudi. Beste alor batzuetan baino irudimenerako tarte gehiago dagoela ezin uka, baina gero eta gehiago bidea markatzen digutela uste dut. Bide guztiak irekita zeuden bidegurutze bat egotetik, lerroa aukeratu dezakezun bide baten aurrean egotearen sentsazioa.

Etorkizun posibleei ateak ahalik eta irekien uzteko lanean diharduten indarrak ere badaude, noski. Horietako bat Mozilla fundazioak abiatutako webwewant.mozilla.org. Egitasmo horren bidez jendeari berari galdetu nahi diote zer-nolako weba nahi duten. Aukeren artean, pribatutasuna, erabilerraztasuna, aukerak, askatasuna, erabiltzaile kontrola, ikaskuntza. Gaur egun, beharbada, gauden garaien ondorioz, pribatutasuna da kezka nagusia mundu osoan.

Hori kontuan hartuta, baina ez zuzenean loturik, ekainaren 5erako resetthenet.org egitasmoa abiatuko dute. Snowdenek zabaldutako filtrazioen urteurrena aukeratu du Fight The Future erakundeak eta atxiki zaizkion beste talde askok pribatutasunaren aldeko ekintzak egiteko. Etorkizuna kontrolatu nahi duten horien aurka, kexak bai, baina batez ere ekintzak egitera animatzen dute jendea.

Ekintzak modu askotakoak izan daitezke. Webguneak dituztenei bertan segurtasun protokoloak jartzea eskatzen diete. Sakelako garatzaileei ere, beraien aplikazioetan segurtasuna eta pribatutasuna kontuan hartzea. Orokorrean orori, aplikazio seguru horiek erabiltzea eta beste jendeari ere hori proposatzea. Horrela, nahiz eta espioitza puntualak etetea ezinezkoa izan, espioitza masiboa egiteko zailtasunak handiagoak izango dira.

Ez dira gai teknologikoak, etorkizun posibleak amesten jarraitzeko aukera ematen duten bideak dira; horiek gabe ez dago etorkizunik. No Future!?

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]