Interneten gauza guztiak daudela dioten arren, ez da egia. Lehenik eta behin, Internet Web-a baino askoz gehiago da. Hor ere, bilatzaileek ikuskatzen dutena ez da guztia, ezta gutxiago ere. Horrez gain, informazio interesgarri asko ez dago edukietan, beste datu edota metadatuetan baizik.
Lagun batekin hitz egiten ari nintzela, berak arazo hau aspaldikoa dela adierazi zidan. Euskal Herria eremu nazional gisa hartuta, zaila da datu estatistiko ohikoenak ere eskuratzea. Osotasun falta, konbertsioak egin beharra, datu eskuragarritasuna, dudak eta abar dira nagusi. Ondo dakite Gaindegia bezalako proiektuetan lan egin dutenek, eta arrazoi dute.
Beste lagun batek adierazi zidan Interneten euskaldunok ditugun jarrerak, joerak, arazoak, ohiturak eta beste aztertzeko tresnarik ez dugula. Beste leku batzuetan dauden institutu, behatoki, ikerketa taldeak ez daude gurean. Hori bai, akademikoki edo guztiz era zientifikoan ez bada ere, jende askok hizpide izaten duen gaia dela ere aitortu zidan. Horretan ere, ezin arrazoia kendu beste lagun horri.
Gertuko hirugarren lagun batekin eztabaidan, ikerketa horiek egiteko datuak interesgarriak izango zirela iruditu zitzaigun bioi. Horietako asko publiko badira ere, gure interesekoak ez daude askotan gure esku; erreferentziazko lagin bat balego, behintzat! Hori da lagun horrek faltan sumatzen zuena, tratatzeko moduko datu lagin eguneratu bat. Horrek ere arrazoi.
Bada jende bat gure espezifikotasunetik sortzen ari den jendarte berria ikertzeko gogoarekin. Eztabaidatu genezake helburuak, egokitasuna eta, batez ere, ikerketa, ekintza gabe hankamotz gelditzen dela, baina hori ere beharrezkoa dugu.
Beharra, beraz, sumatzen da airean, eta galderak dira nagusi. Lekua ere egon liteke, beharko balitz. Era honetako proiektu batek non egon beharko luke? Sarea bera leku naturala da proiekturako, eta argi dago bide ukiezin bezain erreal hori izan behar dela lan eremu nagusi. Hala ere, bada porlanezko egoitza bat eskatuko duenik ere, eta nik ez dut esango, gainera, mereziko ez lukeenik. Horretarako orain arte Internet bezain ukiezinak diren bi kokagune posible: Andoaingo Irigoien azpikoa eta Donostiako Tabakalera.
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:
[related_posts limit=”4″ image=”100″]