Sekretu txiki bat

Egilea: Liako | Lizentzia: cc-by-sa
Egilea: Liako | Lizentzia: cc-by-sa

Gure bizitza batez ere digitala sekretu txiki batek defendatzen du: pasahitzak. Pasahitzek gure intimitatea defendatzen duten kate horiek, hala ere, jada ez dute hori bermatzen. Hori da behintzat Wired aldizkariak Kill the password artikuluan esaten duena.

Egia da jende askok pasahitz errazak erabiltzen dituela; pasahitz zailagoak jarrita ere zenbait teknikarekin pasahitz horiek lortzeko aukera gero eta handiagoa dagoela eta bideak egon daitezkeela.

Ez da kriptografia algoritmoek ziurtasuna ez dutenik, pertsonen erabilera eta zenbait zerbitzuren segurtasun akatsak baliatuz noizbait gerta daitekeela baizik. Behin gertatuz gero, nahikoa da gure bizitza pertsonala ere hankaz gora jartzeko. Gutako askok informazio ugari gordetzen baitugu posta elektroniko eta beste web zerbitzu batzuetan.

Wired aldizkariak horrelako hiperboleak askotan bota izan ditu, baita akatsak egin ere. Kasu honetan, argi dago pasahitzak oraindik erabiltzen jarraituko dugula, baina argia da beste aukera batzuk ere irekitzen hasiko direla eta, segur aski, beste hegemonia bat bilatzeko borrokak ere hasiko direla.

Kautotze (identifikazio) bakarraren kontua ez da berria. Aurretik saiakerak egon ziren, baina web ingurunean Microsoft Passport aukera itxia izan zen ezagunenetakoa garai batean. Orain beste hainbat proiektu eta elkarte ere egongo dira hori egiteko intentzioarekin. FIDO aliantza, Mozilla Persona, Open ID, Oauth….

Hala ere, bere nagusitasuna baliatuz aldaketa hori egiten ari den lehenetarikoa Google da. Googlek bere sistemetan bi pausotako kautotzea aktibatzeko aukera eman du. Honen bidez, pasahitzak erabili bai, baina horrez gain, sakelako batera SMS edo ahots bidez bidalitako kode bat ere sartzera behartzen du. Era horretan, bi dira beharrezko kateak, eta bat aldakorra da. Aukera orokorrago eta estandarrago bat egotea litzateke hoberena. Lehen aipatutako zenbait proiekturen nahia hori da, baina Facebook, Twitter eta Googlen erabiltzaile kopurua ikusita, beraietatik pasatzen diren sistemak nahi izatea izan daiteke normalena.

Hala ere, jokalari asko egongo da, eta sakelako telefonoek ere gauza asko esateko dute honetan. Soinean egun guztian eramaten ditugun gailu horiek kautotze sistema berrien euskarri paregabeak izan daitezke; adi egon beharko dugu, beraz.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]

Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]