Agerikoa da gero eta gehiago egiten diren zenbait hausnarketa, eztabaida, datu eta analisi informazio oro har ikusgarri egiteko beharra. Bestela inor konturatu gabe pasatu daitezke, eta ez da hori izaten normalean jendearen asmoa.
Asko hitz egiten da orain infografiaz eta bisualizazio interaktiboaz. Batzuen ustez, tresna horiek informazioaren sakontasunaren kalterako dira. Aldiz, nire ustez, ondo erabilita informazioari erabilpen eta balio handiagoa ematen dioten tresnak dira.
Gure begiek eskaintzen diguten banda zabalerari esker, informazio bisualak azkarrago asimilatzen ditugu. Denbora izan ohi da gure jendartean sobera ez dagoen aldagai bat, eta horregatik lengoaia bisualaren garrantzia. Elkarrekintza gehituz gero, gainera, beste zenbait zirkuitu jartzen ditugu martxan, eta informazioak eragin handiagoa du.
Horretarako, tresna eta zerbitzu asko sortu dira azkenaldian; libreak batzuk, eta ez hain libreak beste batzuk. Baina denek lehen zailak ziren gauzak egiteko aukera ematen dute. Visual.ly, Infogr.am, Piktochart.com eta halako tresnek, adibidez, infografia estatiko eta dinamikoak sortzeko balio dute. Datu sorta bat era ikusgarriago batean erakusteko, zure curriculuma deigarri egiteko, edota kartelen ordezkoa izan daitezkeen argibideak emateko… Cartodb.com eta Geccommons.com, berriz, datuak mapa baten gainean lantzeko balio duten tresnak dira. Mapa baten gainean datuen bisualizazioak indar berezia hartzen du zenbait kasutan. Kasu horietarako horrelakoak erabiltzea ondo egon daiteke.
Gurean ere, gero eta interes handiagoa dago horrelako tresnetan. Gaindegiak, adibidez, orain arte egiten zituen txosten eta informazioei honelako bisualizazio grafikoak gehitzen dizkio, horrek bere informazioari balio erantsia ematen diolakoan. Eta, nire ustez, horrela da.
Beste adibide bat: biztanleko polizia kopuruaren inguruan Euskal Herriaren egoerari buruzko eztabaida. Biztanleko polizia kopurua erakusten zuen Europako mapa batean Edu Lartzangurenek egindako moldaketa baten ondorioz piztu da. Eztabaidak ez luke horrenbesteko indarra mapa horren bisualizaziorik gabe, datuak aspaldi baitziren mahaigainean; hor balio erantsia.
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:
[related_posts limit=”4″ image=”100″]