Gaur, atzo baino eskubide gutxiagorekin esnatu gara. Ez, ez naiz Pariseko gertakariei buruz bakarrik ari. Horiek, gure munduaren deskonposizioa erakusten duten adierazle beldurgarriak izan arren, azpiko korronte orokor baten eszena beldurgarri bat gehiago dira.
Parisen adierazpen askatasunaren ustezko defentsan izandako manifestazioan, aspaldiko agintarien batasun irudikapen adierazgarrienetako bat ikusteko aukera izan dugu. Gerra global baten aurrean egongo bagina bezala, mobilizazio global baterako batasun dei bat bezala bizi dut.
Harrigarriak izan dira, aldiz, oinarrizko eskubideen defentsan atera diren horiek hurrengo egunetan komunikazio eta teknologiaren alorrean proposatutako neurriak. Erresuma Batuan, David Cameronen gobernuak adierazi du kontrolatu ezin dituen komunikazio zifratuak kontrolatu nahi dituela 2016. urterako. Espainiako Gobernuak, “ley mordaza” aurrera ateratzeaz gain, gure ordenagailuetan komunikazioak espiatzeko troiarrak sartzeko gaitasuna eskuratu nahi du. AEBetan eta Europan Interneteko komunikazioen pribatutasunaren aurkako legediak martxan jarri nahi dituzte.
Ez da teknologiari lotutako afera bakarrik. Gero eta ezegonkorragoak diren jendarteetan, kontrola zailago denean, eta zenbait tokitan alternatibak agertzen hasi direnean, kontrol hori beste era batera berreskuratzen saiatzen ari dira. Duela gutxira arte, Ekialdea deitutakoan tabu bat zen. Barne militarizazioaren bidez lortu behar badute ere.
Alemaniak aspaldi hartu zuen barne mugetan armada baimentzeko erabakia. AEBek material militarrarekin hornitu dituzte beren polizia gehienak. Espainiak, Euskal Herriko jendartearen aurka beste eraso bat egiteko, bere polizia militarraren (Guardia Zibilaren) indar erakustaldi bat egin nahi izan du. Frantziak, berriz, bere barne mugetan 10.000 militar mobilizatu ditu.
Eskubideen defentsaren aitzakiak guztiz kontrakoa bilatzen du: eskubideen murrizketa erabatekoa. Zizek-en testu bat dirudi guztiak, baina Pariseko agintarien argazkiak ondo irudikatzen zuen. Agintariak bakarrik zeuden, atzean ez zuten inor. Ondo dakite arazoa ez dela terrorismoa, guztiz kontrolatzen ez duten jendarte hori baizik. Herritarrak gara haien etsaiak, eta gugandik babesten ari dira, besterik ez.
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]