Ekonomia erreala

Egilea: Peter van der Aa | Lizentzia: Domeinu publikoa
Egilea: Peter van der Aa | Lizentzia: Domeinu publikoa

Teknologiaren garrantzi ekonomikoaz jabe gara, baina askotan teknologiaren izaerari ez diogu begiratu ere egiten. Kasu nabarmena da softwarearen inguruan erakunde publiko, pribatu, elkarte, norbanakoek… duten jarrera. Software librea erabiltzeko aukera dagoenean, software pribatiboa erabiltzeko hautuan adibidez.

Softwarea librea edo ez, teknologiak inpaktu ekonomiko garbi bat du gure gizartean, baina normalean aplikatzen diren neurriak gainazalekoak izaten dira. Hau da, benetan egin dezakeen ekarpena askoz ere handiagoa izan daiteke, baina askotan superfizialak diren erabilpenak nabarmendu ohi dira. Benetan softwarearen bidez jendearen behar ekonomikoak konpontzen saiatzeko bideak egon al daitezke?

Bai, baina lehentasunak definitu beharko lirateke, eta noski, behar ekonomikoen araberako sailkapen bat egin. Eskualde baten beharretan softwareak ekonomian izan dezakeen eragina aztertuko bagenu, adibidez, sailkapen hau egingo nuke: neurri integratzaileak, sozialak, lokalak eta komunalak. Helburua, beharren araberako neurriak proposatzea.

Neurri integratzaileek, jendartearen teknologietara atzitzeko eskubide unibertsalak ziurtatu behar dute. Interneteko azpiegitura publikoak, software librearen hedapena, alfabetatze teknologiko orokorra… izan daitezke neurrietako batzuk.

Bigarren mailan, neurri sozialak daude. Arazo ekonomikoak dituzten herritarrak laguntzeko bereziki sortutako zerbitzuak bideratzeko tresna teknologikoak izan daitezke hauek. Elkartrukea sustatzeko sareak, edota lana topatzen laguntzeko jendarte sareak, esate baterako.

Ondoren, maila lokala dago. Hau da, herri edo eskualde horietako ekonomia lokala sustatzeko tresna teknologikoak. Tokian tokiko merkataritza sustatzeko zerbitzuak edo enpresa lokalen arteko hartu-eman sareak eraikitzen laguntzeko zerbitzuak, adibidez.

Amaitzeko, aurrera begira ere aukera gehiago sortzeko proiektuak ziurtatuko dituzten neurri komunalak. Proiektuak gauzatzeko baliabide teknologikoak eta teknologia enpresa sareak sustatzeko laguntzak, adibidez, hemen kokatu beharko lirateke.

Gure erakundeek, askotan, mailaketa hauetatik kanpokoko ekintzak egiten dituzte, hedabideetan agertu nahi izate soilagatik. Bada garaia, honetan ere, teknologiak ekonomian duen eragin errealean sinesten hasteko.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]

Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]