Holly bomb

[box type=”info”]Eguneraketa (2014/03/18) [/box]

Internetek gauza askotarako balio du. Entretenimendurako adibidez oso aproposa da. Bertan aurki dezakegun aukera, amaiezina da. Webguneak, jokoak, ikus entzunezkoentzako aplikazioak… Gauza asko. Aukera horren handia da, batzuetan Internetera konektatu eta zer egin ez dakigula. Gainera, egunero ateratzen dira zerbitzu berriak, aukera berriak, hobetuak… Ozeano erraldoia den sare honetan, gu hondartzaren bazter batean gaude. Burua uretan sartu eta, hara! Arrain bat! Egunero topa dezakegu zerbait berria. Askotan, hurrengo egunerako ahaztuko duguna. Eta bestetan, gure egunerokoan eragingo diguna.

Horretara dator Popcorn Time. Aste honetan atera dute eta dagoeneko famatu egin da. Filmak ikusteko balio du. Piratak, bai. Pirata horietakoak. Programa piztu eta katalogo erraldoia ateratzen zaigu. Filma aukeratu eta ikusten hasten gara. Horren sinple… Nola demontre egon gara orain arte hau gabe?

popcorn time

Software librean garatua dago eta edonork hobetu dezake. Laster berrikuntza gehiago gehituko dizkiote. Telesailak ikusteko aukera ere izango dugu eta mugikorra urruneko kontrol gisa erabiltzeko aukera izango dugu. Gainera, dagoeneko Urtzi Odriozolari esker euskaraz aurki dezakegu. Instalatzeko oso erraza da. Proiektuaren webgunera jo, instalatzailea deskargatu, eta instalatu. Windows, Os X eta Linux sistemetan instalatu dezakegu.

Teknikoki gehiago jakin nahi duenarentzat, jo dezala Github errepositoriora. Laburrean, Node.js teknologia erabiltzen du eta beste API zerbitzu batzuei esker egiten du bere lana. API horiek Torrent fitxategiak, azpitituluak eta filmaren inguruko informazioa biltzen dituzte. Popcorn Time aplikazioak, API hauetatik ateratako informazioa gurutzatu eta pantailaratzen digu modu ezin errazago batean. Azken finean, programa honek zera egiten du, kalitate oneko Torrent filmeak topatu eta streaming bidez ikusteko aukeran jarri.

Hollywood urduritzen hasi da jada. Netflix zerbitzua baino gauza sinpleagorik ez zegoen gaur arte. Baina orain hemen dugu Popcorn Time. Ez du erabiltzaile ez pasahitzik behar. Ez da ordaindu beharrik ere.

Oraintxe bertan ordea, Popcorn Time aplikazioaren deskarga esteka ez dabil. Esteka Mega zerbitzarietan zegoen. Megaupload zerbitzuaren ondorengoa. Eta badirudi ustezko Copyright eskubide batzuen urraketagatik kendu dutela. Aplikazioaren sortzaileek esteka berri bat jarriko dutela esan dute, ez kezkatu. Gainera, software librea denez, dagoeneko programa honen garapena ezin da modu errazean geldiarazi. Torrentak debekatu beharko lituzkete horretarako (ez dut oso ozen esango…).

Mega zerbitzuan edo beste deskarga zerbitzuren batean jarriko dute esteka berria. Mega zerbitzarietan deskarga fitxategia gorde izanak keinu bat egiten dio Kim DotCom-i. Kim Megauploaden sortzailea da, gaur egun Mega zerbitzuan bilakatu dena. Kim-ek badaki zer den Hollywood-i aurre egitea. Zeelanda Berriraino joan ziren FBIko agenteak bera atxilo hartzera. Bere gurutzada partikularrak oraindik dirau. Mega atera ondoren, Baboom zerbitzuan dabil lanean. Baboom musikarien ataria izan nahi du. Musika entzun eta erosi nahi dutenentzako, musikarien albisteak jasotzeko, bideoklipak ikusteko… Dagoeneko demoa bisita daiteke. Izena aproposa da. iTunes, Bandcamp, Twitter eta Grooveshark zerbitzuak koktelera batean sartu eta… Baboom! Itxura ona dauka. Audioen kalitatea bikaina da. Ikusi beharko da musikariek beraien salmenta plataforma bilakatzen duten. Kim zoriontsu da bere sofan krispetak jaten. Hollywoodek Baboom egiten ikusteko irrikitan.

 

Eguneraketa (2014/03/18)

Popcorn Time garatu zutenek proiektua utzi behar izan dute. Denbora gutxian izan duen arrakastagatik  jasan dituzten presioen ondorioz proiektutik aldentzea erabaki dute. Gaur egun proiektua Popcorn Team izeneko taldeak mantendu eta garatzen du.

[box type=”info”]Artikulu hau Gaur8 astekarian publikatu da.[/box]

Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]