Pakistanen zentral elektriko batean gertatutako eraso batek elektrizitaterik gabe utzi du herrialdearen %80. Eraso horrek sortutako arazoen ondorioz, beste estazio batzuen deskonexioa burutu behar izan dute, arazoa ez larritzeko.
Elektrizitate sareak, nodo garrantzitsu batzuen menpe dagoen sarea da, eta horrek erasotzen erraza egiten du. Eraso puntual, baino zehatzekin min handia jasan dezake.
Orain arte elektrizitatea garraiatzeko beharrezkoa zen sare egitura hori mantentzea, baina gaur egun, era banatuagoan sor daiteke elektrizitatea. Teknologia asko hobetu da eta kostuak murriztu, horrek jada ekoizpen autonomoa sustatzeko aukera handiak eskaintzen ditu. Orain arteko sare egitura baliagarria da oraindik, sortzen den gehiegizko produkzioa bideratzeko, baina ez litzateke guztiz ezinbestekoa izango.
Elektrizitatearekin ikusten duguna beste alor batzuetan ere gertatzen ari da. Mundu berria eta zaharra borroka etengabean daude. Espainian, Europako legedi atzerakoienak aurrera atera dituzte energia alorrean.
Hala ere, fenomenoa orokorra da eta geldiezina. Interneten izan daitekeenaren aurrerapen bat ikusi ahal izango dugu. Teknologia banatuak, sare banatuagoak posible egiten dituztenak, marjinal izatetik, hedapen zabala edukitzera pasatzen ari dira. Web 2.0 paradigma gehien sozializatu zuen Tim O’Reillyk adibidez Bitcoin moneta banatuak erabiltzen duen blockchain teknologia plataforma bezala ikusten du.
Interneten eragin zabala badu honek, paraleloan energiaren sorkuntzan, jendartean, ekonomian… arlo guztietan izango du eragina, dena konektatuta baitago. Horregatik da hain garrantzitsua Interneten pribatutasuna, neutraltasuna, askatasuna… defendatzea.
Batzuek ez dute ikusten edo ez dute ikusi nahi, baina Oxfamek ateratako datuen arabera 2016an joerak jarraitzen badu, jendartearen %1ak beste %99ak baino ondasun gehiago izango du. Beraz, aberastasunaren banaketan neurriak hartu behar dira. Bestela ere, mundu berrian, %1 hori, sare zentralizatu bateko nodo garrantzitsuak, gero eta erasotzen errazago bihur daiteke. Eta Pakistango elektrizitate sarea bezala, ur-jauzi baten moduan erori. Guztiak dirudi ezinezko, egiten den arte.
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]