Smart izan

smart_cities
Egilea: MomentzForZen| Lizentzia: cc-by-nc-nd

Smart cities terminoak hirien arteko lehiakortasunari lotutako ohikoak diren ezaugarriez gain (ekonomia, kudeaketa, mugikortasuna…), beste batzuk ere barne hartzen ditu (ingurumena, jendartea, bizi-kalitatea…). Teknologiari katalizatzaile rola ere ematen zaio, sor daitezkeen sareen, komunikazio aukeren eta sentsore kontrolen bidez.

Askotan, pertsonen parte hartzea, jendearen bizi-kalitatea eta aginte mota ezberdinak aipatzen badira ere, praktikan alboratu egiten dira edo aipatu besterik ez. Nabaria da, azkenaldian intelektualen artean ere, «pertsonak» subjektu zentral gisa aurkezteko behar hori. Pertsona hitza aipatze soilak praktika bera soziala bihurtuko balu bezala.

Diskurtsoak horiek, baina praktikak oraindik okerragoak dira. Praktika gehienak teknologiaren erabilera eta horrek sortzen dituen onurak lehiakortasunari eragingo dioten faktore hutsak balira bezala aurkezten dira. Garrantzitsuena orduan parametro horiek betetzean datza; denontzat ezagunak diren parametro aski ezagunak: pobrezia, prekarietatea, langabezia… alboratzen diren bitartean. Esan dezakegu, jendearen bizitza hobetzera bideratu beharrean, lehiakortasuna hobetzera bideratzen direla, ustez horrek gero jendearengan eragingo duen fedearekin.

Arlo teknologikoagoan, haren garrantziagatik, Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen neurri bat ezin aipatu gabe utzi. Ezarri nahi duten neurri horrek energia berriztagarrien sorrerari erabateko trabak jartzen dizkio. Iturri berriztagarrietatik ateratako energia sortzen eta kontsumitzen dutenentzat ezinezkoa —edo ez errentagarria, behintzat— bihurtzeraino.

Sare elektrikora konektatzea ia ezinbestekoa denez, konexio hori erabiltzeagatik sortzaile horiei kalte egitea du helburu neurriak. Neurriaren nondik norako zehatzak nik baino hobeto azaltzen dute Goiener energia kooperatibako lagunek. Finean, energiari lotutako enpresa erraldoien negozio eredua ziurtatu nahi duen beste neurri bat da.

Amaitzeko, Smart cities kontzeptutik oraindik ere gauza interesgarriak atera daitezke. Energiarekin hartutako erabakia bezalakoak diren neurri zentralizatzaileen aurrean, berriz, beharbada desobedientzia bakarrik gelditzen da.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]

Erlazionatutako bidalketak: [related_posts limit=”4″ image=”100″]