Ekintza beste nonbaitera eraman, beste leku batzuetan tematu, beste nonbaitera joan eta etsaiari bere burua babesten utzi, balio gabe bihurtu den leku batean. Mugikortasunak indarrak baino gehiago balio du – Wu Ming1
TALAIOS kooperatibako kideoi beti egin zaigu interesgarria gerrilla estrategietan arreta jartzea, medio gutxirekin baina determinazio handiarekin egiturazko esparruei aurre egin eta hauek gainditzeko ikuspegia eta tresnak eman dizkigulako.
Laster bi urte beteko dira Internet eta komunikazio tresna digital komertzialen kakaztea ikusi, eta komunikazio banatuaren bidea hartu genuela. Orain, kooperatibaren azken Batzar Orokorretik abiatutako lanketa eta solasaldien ondoren, ildoa indartu eta pauso berriak ematea erabaki dugu. Orain, martxan jartzen hasiko gara.
Komunikazio banatuaren bidea hartu genuen zorionez, eta bitarte honetan sare sozial digitaletan oinarritutako komunikazio paradigmaren inplosioa gertatzen ikusi dugu, ia konturatzeko denborarik gabe, biziarazten diguten eguneroko azeleratuan, fenomeno meteorologiko bat balitz bezala. Sare sozial komertzialen sorrera azeleratua izan zen bezala, hauen inplosioa eta kakaztea oso azeleratua izaten ari da, eta orokorrean ezin erreakzionatu geratu gara, hauekiko dependentziak loturik, eta hemendik aurrera nola jokatu eta non kokatu ezin jakinik. Komunikazio kanalen zatiketak, sare digital komertzial kakaztuen dependentzia algoritmikoak, sareen abandonu partzialak eta automatizazio indibidualizatzaileak ardaztutako komunikazio paradigma berri baten aurrean gaude bat batean, zer egin jakin gabe. Egoera orokorra da.
Egoera honen aurrean ez dago soluzio magikorik, baina mugitu gaitezke, beste norabait joan, eta Interneten kakaztearen aurrean beste posizio batetik abiatu, bi gakorekin, mugikortasun gaitasuna eta estrategia. Mugikortasuna izateko autonomia ezinbestekoa da, eta hori komunikaziorako tresna propio, banatu, libre eta komunitarioen bidez lortu dezakegu. Estrategia berriz, pentsatu eta landu egin behar da, ahal denean gaitasun propioekin, eta bestela lagunekin, sarean.
TALAIOS Kooperatiban eskaintzen ditugun zerbitzuen artean daude sare digitalen estrategiak lantzeko bidelaguntzak, eta tresna propio eta komunitarioak garatzeko lan teknikoak, eta bide horretan gure estrategia eta tresna propioak lantzen ditugu. Paradigma berrian guk ere ikusi dugu, kooperatibaren bezero eta komunitatearekin harremantzeko bide eta estrategia berria behar dugula. Izan ere, azken hamar urteetako sare paradigmak, guretzat bereziki garrantzitsuak diren sare-harremanak dependentzia ziklo itxi batean sartu ditu ere, multinazional digitalen onurarako, eta dependentzia komertzial horiekin apurtzea erabaki dugu. Horretarako, estrategia banatuan sakonduz, Marketing Komunitarioan eta Komunikazio Zuzenean oinarritutako bidea egingo dugu.
Marketing Komunitarioa, kooperatibismoan eta Ekonomia Sozial Eraldatzailean erabiltzen dugun ideia-marko eta tresna multzoa da. Honen baitan, gure asmoa ez da merkatura begira diseinatutako produktu eta zerbitzuak garatzea, baizik eta gure harreman, komunitate eta lurraldea ezagutu, beharrak eta desioak identifikatu, eta hauei erantzuteko lan egitea, zerbitzu eta produktu onak eskainiz. Komunikazio Zuzena berriz, gure komunitatearekin harremana trinkotu eta komunitatea zabaltzeko komunikazio eredu eta tresna multzoa da, datuen erabilera etikoan oinarritua, komunikazio argi eta zintzoarekin, tresna libre propio eta komunitarioak erabiliz.
Baina helburu estrategikoak ekintzaren bidez gauzatzen dira, eta aipatutako bidea pixkanaka landuko dugu, ikuspegiari ekintza eta tresna konkretuak atxikiz. Hauek dira datorren aste eta hilabeteetan, Marketing Komunitario Banatua eta Komunikazio Zuzena garatzeko zenbait ekintza:
- Gure komunitatearekin harremana zehaztu eta indartzeko, «mailing» komunitariorako tresna propioa erabiltzen hasiko gara.
- Fedibertsoko tresnetan oinarritutako sare-komunikazioan sakonduko dugu, komunitatea indartzeko ekimenen bitartez, horretarako Torrekua proiektua ardatz izango delarik.
- Mezularitza tresna libreen inguruko azterketa egin eta sozializatuko dugu, Matrix eta Delta Chat bezalako tresnen aukerak ikertuz.
- Tresna kolektibo baten bitartez esteken eta irakurketen elkarbanatzea landuko dugu, kooperatibaren ezagutza garatzeko erabiliz.
- Komunitatearen eta bezeroen jarraipenerako tresna bat garatuko dugu Marketing Komunitarioko plangintza aurrera eramateko.
- Denboraren bestelako erabilera ez-azeleratuak sustatzeko ezagutzaren lanketa eta sozializaziorako eremuak garatuko ditugu, Talaios Liburutegia, Wikiproiektuak, formakuntzak, solasaldirako espazio lasaiak eta komunikaziorako tresna ukigarriak aztertu eta proposatuz.
Komunitatea lantzeko lehen pausoa, harremanetarako Posta Zuzena (aka mailinga) martxan jartzea da, hiru hilabetero buletin bat, eguzkiarekiko kokapen bereziko egunetan. Posta hauetan gure ideia estrategikoak, egindako lanak, saretze ekimenak eta ekitaldiak komunitatearekin elkarbanatuko ditugularik. Posta zerbitzua erabiliko dugu komunitatearekin bestelako lanketak egiteko, baina erreferentzia nagusia hau izango da.
Nahi duzu Posta Zuzena jaso eta gure informazio, ezagutza eta proiektugintza komunitateko kide izan? Maila ezberdinetan parte hartu dezakezu, eman izena!
Irudia Wikimedia Commons: File:T_E_Lawrence_and_the_Arab_Revolt_1916_-_1918_Q59193.jpg