Google I/O 2013: Zer berri?

google_io_2013
Egilea: Tregoning | Lizentzia: cc-by

Urtero egiten dira Google I/O konferentziak. Googlek azken berrikuntzak erakusteko eta publikatzeko erabiltzen ditu konferentzia hauek. Mundu osoan ikusmira handia sortzen dute eta konferentzietan agertzen diren datuak blog eta medio askotan azaltzen dira. Azken aste honetan 200.000 orrialde baino gehiago idatzi dira Interneten Google I/O konferentziari buruz.

2013ko edizio honetan mugikortasuna, eta bereziki Android, izan dira protagonista nagusiak. Mugikortasunaren merkatua etengabe doa goraka eta Google berarentzat berebiziko garrantzia dauka. Aurtengo albiste nagusienetako bat, azken urteetan izan den moduan, Android mugikorren aktibazio kopurua izan da. Dagoeneko, 900 milioi gailu aktibatu dira Android sistemarekin. Eguneko 1,5 milioi gailu aktibatzen omen dira.

Googlek goranzko joera hori baliatu nahi du eta azken hilabete eta urteetako joerari eusten dio. Google+ indartzen ari da, eta, honen ekosistema, handitzen. Google+ proiektuaren logikatik kanpo geratzen diren egitasmoak deuseztatu eta beste asko bertara batu dituzte. Norabide horretan aurkeztu dute Google+ bertan integratuta datorren Hangaouts berria. “Integrazioa” izan da aurtengo hitz gakoetako bat. Gaur egun Google Talken egin daitezken ekintzak egin ahal izango dira, eta, gainera, argazkiak eta bideoak partekatzeko aukera ere egongo da. Talk ordezkatzera dator Hangouts, baina oraindik “integrazio” gehiago falta dituela dirudi. Ez dirudi SMS zein Google Voice zerbitzuen bateratzea oraingoz egingo dutenik, baina, aldaketa honekin, WhatsApp, SpotBros eta antzeko aplikazioei aurre egitera dator Google.

Bat-bateko mezularitzaz bakarrik ez, konferentzian jokoez ere aritu dira. Jokoen merkatuaren goranzko joerari ere zerbitzu berriak eskaini dizkio Googlek. Google Play Games izan da aurkeztu duten jokoen plataforma sozial berria. Famatuagoak diren Xbox Live edo Apple Game Center ezagunen antzeko zerbitzuak eskainiko ditu. Googlek jokoen garatzaileei baliabide berriak eskainiko dizkie. Baliabide horiei esker, jokoen partidak hodeian gordetzeko aukera izango da, lorpen sistema bateratuko da, on line klasifikazioak izango dira, jokalari anitzen arteko jokoak… Zerbitzu horiek guztiak Android jokoetan inplementatu ahal izango dira. Orain arte Googlek utzitako hutsune horiei esker sortu izan dira antzeko zerbitzuak ematen dituzten plataformak, baina, hemendik aurrera, Google etxearen apustu berri honekin, etorkizun iluna izango dute.

Eta jokoen plataformetatik, musikaren plataformara. All Access izeneko zerbitzua ekarri digu Googlek. Denok ezagutzen dugun Spotify zerbitzuari konpetentzia egitera datorren zerbitzu berri honek, Google Play Music zerbitzarietan dagoen musika guztia entzuteko aukera emango digu, tarifa lau bat ordaintzearen truke. Tarifa lau horren prezioa 10 dolar ingurukoa izango da. Guk gustuko dugun musika guztia ez da on line zerbitzu hauetan izaten, baina Googlek gure musika igotzeko aukera ere emango digu (Groovesharken bezala), edozein momentutan, edozein lekutan gaudela, guk nahi dugun musika entzuteko aukera emanaz.

Berrikuntza gehiago ere aurkeztu dituzte: Google Now, Google Maps, Google Play for Education… Baina gehienak aldaketa txikiak edo aurreikusitako hobekuntzak izan dira. Google proiektu berritzaile askotan sartuta dago, baina ez du interes handirik horien inguruko informazioa oraindik zabal dadin. Android 4.3 bertsio berriaren hutsunea ere nabaria izan da. Android software librea dela askotan esan izan dugu, baina kodearen zabalpenak gero eta konplikatuagoa dirudi. Android komunitatearen garatzaileen haserrea eta mesfidantza nabaria da, eta, egunetik egunera, goraka doa. Android sistema nagusi da mugikorren merkatuan, baina datozen hilabeteetan publikatuko diren sistema mugikor berriekin, Firefox OS sistemarekin batez ere, posizio hori mantentzea ez zaio orain arte bezain erraza egingo. Azkenaldian, ekitaldi mota hauek sortzen duten ikusmira, bertan aurkezten duten informazioa baino garrantzitsuagoa izaten da. Google ere Apple beraren antza hartzen ari da

[box type=”info”]Artikulu hau Gaur8 astekarian publikatu da.[/box]

Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]