Aaron Swartz hil da

Aurreko ostiralean, Aaron Swartzek bere buruaz beste egin zuen. New Yorkeko bere etxean topatu zuten hilik. 26 urte bakarrik zituen, baina bere heriotza Internet zabalean sentitu da. Internet askearen aldeko aktibista zen Aaron. Jakintza libreki Internetetik zabaltzea zen bere helburuetako bat, eta horren alde lan andana egin du.

14 urterekin Interneteko RSS espezifikazioaren sortzaileetako bat izan zen. Tresna hau momentu oro erabiltzen da Interneten blogetako eta webguneetako albisteak jario bidez zabaltzeko. Jario hauek aplikazio edo webgune bidez irakurtzen dira, iturri ezberdinetako albisteak leku bakarrean jarraitu ahal izateko. Honi esker W3C, Interneteko estandarrak erregulatzen dituen erakundeko kide bilakatu zen.Aaron_Swartz_profile

Reddit webgune famatuaren garatzaileetako bat izan zen. Webgune hau loturak konpartitzeko eta hauek ematen duten informazioaren inguruan eztabaidatzeko sortu zen. Gaur egun, Alexa rankingaren arabera Interneteko 112. webgune famatuenetakoa da.

Creative Commons lizentzien sortzaileetako bat izan zen Larry Lessigekin batera. Edukiak legez libreki zabaldu ahal izateko tresna garrantzitsua izan dira lizentzia hauek.

Internet Archive erakundearentzako ere lanean ibilitakoa da. Irabazi asmorik gabeko erakunde honek Interneteko webguneen artxibategia mantentzen du. Webguneen orrialdeak gordetzen ditu denbora tarte ezberdinetan hartuak. Webguneen iraganeko itxura kontsultatzeko (martxan dirauten webguneak eta desagertu direnak) balio du. Zerbitzu hau izugarri handia da. Bertan 240.000.000.000 helbide kontsultatu daitezke. Aaron Swartzek erakunde honen zerbitzu berri batean egin zuen lan. Open Library izeneko zerbitzu hau domeinu publikoan dauden liburuen liburutegia da. Bertan, literaturaren klasikoetatik hasi eta gaur egungo sorkuntzetara luzatzen den liburu zerrenda luzea topatuko dugu.

SOPA legearen aurka ekiteko kanpainetan ere lan egin du. Demand Progress izeneko erakundea sortzen lagundu zuen, pribatutasuna eta Interneteko askatasunaren alde lan egiten duena. Zorionez, erakunde honen laguntzaz besteak beste SOPA/PIPA legeak gelditzea lortu zen.

Baina beharbada, bere lan edo ekintzetatik famatuena, antza denez, bere heriotza probokatu zuena da. AEBetako MIT institutuan copyright lizentziarekin gordeta zeuden milioika artikulu liberatzen saiatu zen. Institutuko barneko saretik, berak sortutako script baten bitartez, 4 milioi artikulu zientifiko liberatzen saiatu zen bere ordenagailuaz baliatuta. Artikulu zientifiko hauek Interneten zabaltzeko helburua zuen. Ekintza burutu ezinik geratu zen ordea. Aaron Swartz ekintzaren egile bezala harrapatu zuten eta artikulu hauek zabalduko ez zituela onartu behar izan zuen. Dena den, fiskaltzak Aaronen aurkako salaketa jarri zuen copyright lizentziapean “lapurtutako” artikuluengatik. Familiak dioenez, azken hilabeteetan gogor kolpatu zuen egoera honek. Fiskalak milioi 1 dollar eta 35 urteko espetxe zigorra ezarri nahi zion. Epaiketa 2013ko udaberrian hastear zen, baina heriotzaren ondorioz, Aaroni kargu guztiak kendu dizkiote. Beranduegi tamalez.

Gertakizun hauen ondorioz, sarean kanpaina ugari sortu dira. Interneten sinadurak biltzen ari dira Aaronen aurka salaketa jarri zuen fiskala kaleratzeko. Dagoeneko 40.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte. PDFtribute.net ere kanpaina hauetako beste bat da. Bertan Twitterretik estekatutako milaka dokumentu zientifiko batu dituzte. Baina kanpaina garrantzitsuena seguruenik, berak egindako lana jarraitzea izango da. Kultura eta jakintza libreki sortu, zabaldu eta lortzeko lanean. Askatasunaren aurka borrokatzen duten etsaiei aurka eginaz. Internet askeago bat eraikiz, bizitza askeago bat izateko.

[box type=”info”]Artikulu hau Gaur8 astekarian publikatu da.[/box]

Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]