Teknologia gaietan maiz jartzen gara AEBetara, eta, bereziki ,Kaliforniara begira. Hain da deigarria, askok Euskal Silicon Valley bat izatearekin amesten dute. Baina zein da bertako benetako egoera? Nola eragiten die bertako biztanle eta jendarteari horrek guztiak?
Bruce Schneier segurtasun adituak Internet feudal batean bizi garela dio (http://en.collaboratory.de/w/Power_in_the_Age_of_the_Feudal_Internet). Internetenen izaeragatik, orain arte, boterea ez dutenei boterea eskuratzeko bide bat izan dela esan izan du. Orain, ordea, hardware bidezko merkatu itxien eta, batez ere, datu agregatzaile bihurtu diren enpresen kontrola da nagusi. Sistema feudal batean bezala, gure datuak oparitzen dizkiegu zerbitzuak eta babesaren truke.
Kalifornia eredutzat hartuz, datuek teoria hori babesten dute. Ezberdintasun soziala izugarria da, munduan bilionari gehien bizi diren lekuan, jendartearen parte handi batek gizarte laguntzak jasotzetik bizi da. Langabezia tasa gora doa, eta etxeen prezioak ere gora egin du eliteen ondorioz.
Ekonomia horretan eredugarri izan den erdiko klasea ere gero eta murritzagoa da. Esperantza baten bila joandako askok bere bidea egiteko lekua zuten lehen, eta esperantzarik ez orain. Erdi mailako lan kualifikatua desagertuz doa, eta, aldi berean, enpresa handietan beren ezagutza mailatik beherako lanak egiten amaitzen dute askok.
Kalifornia 1980ko hamarkadan AEBetako estatu-errepublika demokratikoenetakoa zen. Hezkuntza publiko, gizarte laguntza eta jendarte justuago baten eredu askorentzat. Badirudi eztanda teknologikoak horrekin guztiarekin buka dezakeela.
Honek guztiak bi gauza uzten ditu argi; lehena, teknologikoki aurreratua izateak ez du zuzenean jendarte hobea ekartzen. Bigarrena, elite batzuen arrakasta ekonomikoak ez du zertan jendartearen onurarako izan. Gurean ere maiz entzun behar izan dugun mito bat da.
Gauza asko egon daitezke ikasteko eredu horretatik, baina argi dago ez dela eredu bikaina. Bruce Scheinerrek dena galduta ez dagoela ere esaten du aipatutako testuan; hori bai, egoera oso larria dela nabarmendu du. Larriagoa baldin eta gurean eredu berbera itsuki sustatzen badugu.
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:
[related_posts limit=”4″ image=”100″]