Interneteko egitasmoen erakusleiho

websummit_talaios_dublin
Teknologia berrien inguruan lanean ari diren 10.000 lagun elkartu dira
Egilea: Gorka Julio | Lizentzia: cc-by-sa

Interneten inguruko Europako bilkura garrantzitsuena egin da aste honetan Dublinen. Web Summit izeneko bilkuran, Interneten eta teknologia berrien inguruan lanean diharduten 10.000 bat lagun elkartu dira. Munduko 10.000 burmuin adimentsuenetakoak, bilkuraren leloan irakur zitekeenez. Munduko hainbat egitasmok euren lanak aurkeztu dituzte.

Hainbat hitzaldi ere izan dira, bost gune nagusitan banatuta: areto nagusia, marketing digital gunea, hodeiari buruzko gunea, garatzaileen gunea eta liburutegia. Horretaz gain, mintegientzako gune bat ere bazegoen General Assenbly ekimenak antolatuta, eta, horretaz gain, baziren behintzat hiru gune enpresa edo proiektuei buruzko hitzaldi laburrak egiteko.

Janak eta edanak ere izan du bere tokia Food Summit delakoan. Bertan, Irlandako ekoizleek (http://goodfoodireland.ie/ ) zuzenean egun horietan bertan zeuden pertsonentzako janaria prestatu zuten. Egunean izan ezik, gauean ere Night Summitak Dublin erdigunea ekitaldiaren parte bihurtu dute. Bideo joko erakustaldiak, DJak, artisten lanak eta, nola ez, kontzertuak ekitaldiaren parte izan dira.

Bi egunez, mundu osoko hainbat egitasmok beren lana erakusteko aukera izan dute. Aipagarria da, bereziki, Alpha Village izeneko eremuan elkartutako startup delakoen, berriki sortu diren enpresa proiektuen, zerrenda. Teknologia berriak baliatuta, negozio eredu berritzaileen bila ari diren enpresak dira startup-ak. Dublinen ehunka elkartu ziren; horien artean, Euskal Herritik abiatutako zenbait.

Bi mundu, erdibide bat

Nazioarteko 3.000 hautagairen artean Euskal Herriko bi enpresa izan ziren hautatuak, gutxienez, beren lana Dublingo Web Summiten erakusteko. Blogen bidez produktu eta zerbitzuak ezagutzera emateko Blogonbrands.com egitasmoa izan zen horietako bat. Haritz Rodriguezek zuzendutako enpresa horrek hedabide sozialetako marketinean egiten du lan. Rodriguezen arabera, «Web Summit geure produktua munduratzeko aukera paregabea izan da».

Euskal Herritik abiatutako beste proiektua oso bestelakoa da. Enigmedia. Unibertsitateko proiektu batetik abiatuta mezuak, audioa eta bideoak zifratzeko gai den aplikazio bat sortu dute. Sortzaileen hitzetan, «bateria xahutu gabe, beste sistema batzuek baino eraginkorragoa den zifratze sistema bat lortu dute». Abiatutako lana orain haririk gabeko gailuen arteko komunikazioan ere aplikatu nahi dute.

Dublingo erakusleihoan denetariko egitasmoek parte hartu dute. Azpimarragarria izan da hedabide sozialei lotutako proiektuak ez ezik hezkuntzara begirako aplikazioak ere ugaltzen ari direla, baita sakelako telefonoetara bideratutakoak eta salmenta elektronikoa ardatz dutenak ere. Gainera, aipatzekoa da software eta hardwarea batzen dituzten aplikazioen presentzia gero eta nabarmenagoa dela, etorkizuneko (edo egungo) medikuntzarako oso baliagarriak izango direnak.

Dublingo Web Summiten elkartu ziren ehunka enpresaren artean gehientsuenak helburu komertzialekin garatutakoak dira. Esan daiteke bilkura horrek oso ikuspegi merkantilista duela. Ez da kasualitatea Interneteko enpresa nagusiek beren Europako egoitza Irlandan ezarri izana, besteak beste, herrialde horretan ezartzen diren zergak baxuak baitira.

Bilkura horretan izan ziren dozenaka hitzaldiren artean, Richard Stallman software libre garatzaileak emandakoa izan zen ezberdinena seguru aski, baita interesgarrienetako bat ere. Stallmanek agerian utzi zuen nola Facebook, Skype, Amazon, Spotify eta Google bezalako enpresak diruak egiten ari diren erabiltzaileen eskubideak errespetatu gabe.

Edonola ere, negozioa modu etikoan egitea posible dela ere agerian geratu zen Web Summiten, WordPress tresnaren sortzailetako baten, Matt Mullenweg-en, presentziarekin. Izan ere, azken horrek oso garbi erakutsi du nola egin daitekeen negozioa software librea erabiliz eta printzipio etikoei muzin egin gabe.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]