Kontrol soziala eta betiko demokratak

anonymous
Iturria: Taringa!

Anonymous sareko talde batek CESICAT fundazioak («CNI katalana» bezala izendatzen dutena) izan daitezken 38 dokumentu filtratu ditu. Informe horietan, Twitter zerbitzuaren bitartez sare sozialaren erabiltzaileei eginiko jarraipenak ageri dira. Jarraitutako erabiltzaileen artean, mugimendu sozial eta antikapitalistekin lotutako politiko, kazetari eta aktibistak aurkitzen dira.

CESICAT (Informazioaren Segurtasuneko Kataluniako Zentroa) Generalitatearen menpe dagoen fundazioa da. Hain zuzen ere, Enpresa eta Enplegu Sailaren menpekoa. Dokumentu hauek CESICAT fundazioak Mossos d’Esquadra Kataluniako polizia autonomikoarekin eta TB Security enpresarekin elkarlanean osatu zituen, 2012ko maiatzean. Dokumentuotan M-15 mugimenduan, Bankia eta La Caixa bankuen aurkako kanpainetan eta BCE gailurraren aurkakoan parte hartu zuten erabiltzaileen zerrendak ageri dira, baita erabiltzaile horiek bidalitako iritziak, argazkiak eta bideoak ere. Publikatutako dokumentuak hilabete bakarrean egindakoak badira ere, baliteke denbora luzez halako informeak egiten aritu izana.
Anonymous taldeak publikatu duen oharrak Masen Gobernuari eta ERCri egotzi die katalanen adierazpen askatasuna urratu izana. Gainera, iritzi politikoen araberako herritarren zerrendak inongo eskumen eta eskubiderik gabe osatu direla eta legezkoak ez direla salatu dute.

Mossoek eta CENICAT fundazioak dokumentu hauen jabe direla onartu ez badute ere, Dropbox eta Mega zerbitzuetan eskegita zeuden dokumentuak erretiratu egin dituzte, copyright eskubideen eskaerak eginez gainera. Dropbox zerbitzuan, adibidez, dokumentuak erretiratzeko eskaria CENICAT-CERT izenarekin egin dute. Iturri ziurra ez bada ere, badirudi CENICAT fundazioko kideek egin dituztela erreklamazio hauek.

Espioitza eta eraso zibernetikoak puri-purian dauden momentuan azaleratu dira dokumentu hauek. Aste honetan bertan, Espainiako Polizia Nazionalak Falangeko kide bat atxilotu du ezkerreko komunikabideak denbora luzez eraso izanagatik. Falangeko kide honek, Nodo50, InfoLibre, Diagonal, Periodismo Humano eta El Plural atariak eraso izan ditu botnet sareak erabiliz. Gainera, komunikabide horietako langileei mehatxuak bidaltzen ere ibili izan da atxilotu berri duten falangista. Botnet sareak mundu osoan barreiatuta dauden milaka ordenagailuz osatutako sareak dira. Ordenagailuok birus edo troiarrez infektatuta egon ohi dira, eta erasotzaileak ordenagailu horiek guztiak batera kontrolatzeko ahalmena du. Sare horiek webguneak eskariz saturatzen dituzte DDoS erasoekin. Alegia, milaka ordenagailuk eraso nahi den webguneari milaka eta milaka eskaera egiten dizkiete aldi berean, webgunearen zerbitzaria lanez gainezka jarriz, eta, ondorioz, zerbitzaria guztiz saturatuz. Iturri desberdinek diotenez, Falangeko kideak hiru botnet erabili omen zituen eraso guztiak egiteko. Botnet horiek erabiltzea ez da legala, baina Interneteko beste zerbitzu baten moduan kontrata daitezke.

Espainiar Estatuan bertan ere, eraldaketa sozialaren alde lan egiten dutenen aurka Internet gerra eremu normalizatu bilakatu da. Eta eraso horiek eskuin muturreko taldeen zein eskuineko gobernuen eskutik egiten ari dira. Askotan entzun izan ditugu STASI bezalako agentziek herritarren aurka egin omen zituzten kontrol praktiken inguruko salaketak, baina gaur egungo eskuineko gobernuek haur jolasen mailan utzi dituzte Alemaniako Errepublika Demokratikoan gertatutakoak. Gainera, kontrol neurriak askoz ere handiagoak izateaz gain, inpunitate osoz jokatzen jarraitzen dute. Eta jarraituko dute.

[box type=”info”]Artikulu hau Gaur8 astekarian publikatu da.[/box]

Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]