Berriro ere zinema industria aztoratuta dabil egunotan agertu berri den Popcorn Time programaren ondorioz. Filmak ikusteko aukera ematen du programa horrek era erraz batean; BitTorrent protokoloa erabiliz filmak denbora errealean ikusteko aukera eskaintzen du, itxaron behar izan gabe. BitTorrentek eskaintzen duen fitxategi trukerako aukera eta sinpletasuna uztartzen ditu, alegia.
Yify kalitateko filmak eskaintzen dituen Torrent biltokiko edukiak era erosoan eskaintzen ditu programak. Klasiko asko, baina baita azken filmak ere. Programak katalogoa egiteko aukera erosoa ematen du eta BitTorrent protokoloa baliatu arren, deskarga amaitzera itxaron behar izan gabe filma ikusteko aukera ematen du.
Orain arte industriaren estrategia bi noranzkoa izan da. Alde batetik, copyright legeak gogortzeko ahaleginean jardun dute, pertsonak eta baita estatuak mehatxatuz. Bestalde, erosotasuna, eskaintza eta prezio egoki bat uztartuta, Netflix bezalakoak jaio dira, etorkizuneko eredu moduan. Proiektu honek, ordea, bi alorretan arazoak sortzen dizkio industriari.
BitTorrent protokoloak p2p eduki banaketa bat ahalbidetzen du, eta, beraz, zaila izango da eduki hori sareetatik desagerraraztea. Lege bidez saia daitezke, baina sortzaileek ohar baten bidez argi utzi dute beren webgunean herrialdeko legeen arabera egindakoa legez kanpokoa izan daitekeela.
Plataforma berriei begira tresna erosoa izateaz gain, Mac OS X, Windows eta GNU/Linux sistemetarako dago eskuragarri. Software librea da, bere kodea edonork jaits dezake; beraz, desagertuta ere beste edonork programa har eta bana dezake.
Hori gutxi balitz bezala, sortzaileek argi utzi dute tresna irabazi asmorik gabe egin dutela. Teknologiarekin esperimentatu nahi zuten, hacker zaharrek bezala, posible zela demostratzeko eta disfrutatzeko gogoz. Ez dute publizitaterik, harpidetza sistemarik, ezta gaur egun ohikoak diren beste diru iturririk ere. Zaila, beraz, irabazi asmoarekin lotutako legeak aplikatzea.
Webaren 25. urteurrena ospatzen ari garen honetan, tresna hauek jaiotzean webak zuen ezagutza partekatzearen jarraipena besterik ez dira. Inoiz agortu ez den espiritua, agortzen zaila baita infinitua dena.
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:
[related_posts limit=”4″ image=”100″]