Mozilla hitza aipatzean krema txokolatedun hura etorriko zaionik izango da, baina, Interneteko testuinguruan, Firefox nabigatzailea izaten da etortzen zaigun lehen gauza. Horrexegatik ezagutzen dugu Mozilla fundazioa batez ere, baina ez da hori egiten duen gauza bakarra, ezta beharbada garrantzitsuena ere.
Mozilla fundazioa kode irekiko Mozilla proiektuaz arduratzen den irabazi asmorik gabeko erakundea da. Haren zerbitzuek hiru oinarrizko ezaugarri bete ohi dituzte: kode irekikoak izatea, estandarretan oinarrituak egotea eta plataforma anitzetan erabiltzeko modukoak izatea.
Niretzat, Mozillak aurrera eramaten dituen proiektu interesgarrienen artean, Mozilla Labs dago. Oraindik garatzen ari diren edo fase esperimentalean dauden proiektuentzat sortutako ekimena da hori. Proiektu guztietatik, bi dira nire arreta berezia izan dutenak, eta biek harreman zuzena izan dezakete bideoarekin eta, beharbada, online irakaskuntzarekin: Big Blue Bottom eta Mozilla Popcorn.
Big Blue Button bideo konferentziak egiteko software libreko tresna interesgarri bat da. Horren bidez, besteak beste, bideoak grabatu, konferentzia publikoak egin, ikastaroak eman ditzakegu. Azken urteetan garapen interesgarria izan du, eta software libreko hainbat tresna integratuz, tresna baliagarri bat sortu du.
Mozilla Popcorn, aldiz, bideon gainean informazio gehigarria txertatzeko tresna interesgarria da. Proiektu horrek bideoetan jarioetako mezuak, komentarioak, txioak sartuz istorioak kontatzeko era elkarreragile eta berritzaileak sortu nahi ditu. Haren plataformara bideoak igoz, gainera, guk sortutakoa besteen eskura jarri eta hori ere berrerabiltzeko aukera izango du edonork.
Mozillaren moduko erakundeen lana oso garrantzitsua da gaur. Azken batean, bere lana irekitasuna, berrikuntza eta batez ere aukera berdintasuna posible egitea bilatzen duelako. Horregatik Internet eta teknologiaren testuinguruan software libre eta estandar irekien erabilera. Posible al dira beste arlo batzuetan balio komun horien alde egingo duten fundazio edo erakundeak sortzea? Beste arlo batzuetan ere horrelakoak sortzen hasteko eztabaida behintzat gauzatu behar genuke, baina prest gaude horretarako?
[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:
[related_posts limit=”4″ image=”100″]