Reader zerbitzua bertan behera utziko du Googlek. RSS jarioak irakurzteko Googleren zerbitzua, jende askorentzat informazioa jasotzeko tresna nagusia da.
Googlek bere zerbitzuen garbiketari jarraipena ematen dio pauso berri honekin. Bere esanetan, jario irakurgailua gero eta gutxiago erabiltzen da. Eta ez da harritzekoa. Google Currents atera zutenean aipatu genuen, Twitter eta Facebook bezalako sare sozialak orokortu zirenetik RSS jarioetako irakurketak gutxitu zirela. Googlek baina, arrazoi gehiago izango ditu pauso hau emateko. Bere baliabideak berrantolatzen ari da eta irabazi ekonomikorik ematen ez dizkioten zerbitzuak soberan ditu, batez ere mantenu kostu handiak suposatzen badizkiote. Trafikoa dollarretan bihurtzeko bide errazagoak bilatzen ari da eta Google+ izan daiteke horietako bat.
Honek ez du esan nahi orain Google+ alternatiba izan behar duenik. Nahiz eta iturri batzuetako informazioa jasotzeko balio duen, ez da RSS jarioen baliokidea. Reader irakurgailuaren erabiltzaile bazara eta RSS-ak irakurtzen jarraitu nahi baduzu, besterik gabe, beste irakurgailu bat hautatu beharko duzu. Lehen pausoa zure jarioen zerrenda deskargatzea izango da. Jarioak OPML formatuan aurkitzen dira. Deskargatu ahal izateko Google Takeout gunera joan beharko duzue. Zip motako fitxategia deskargatu ondoren, “subscriptions.xml” izeneko OPML fitxategia destrinkotu beharko da. Bukatzeko, fitxategi hau gure jario irakurle berrian kargatu beharko dugu.
Bide asko daude RSS jarioak irakurtzeko. Irakurleak bi motakoak izan daitezke. Interneteko web zerbitzuak eta gure mugikor, PC eta abarretan instalatu ditzakegunak. Web zerbitzuen artean orain arte Reader zen gehien erabiltzen zena, baina badaude beste batzuk: Feedly, The Old Reader, NewsBlur eta GoodNoows askoren artean. Aplikazioen munduan aukera handiagoa dago. Sistema Eragile bakoitzak bere aukerak ditu, bai mahai gainekoak eta baita mugikorrak ere. Gnome mahaigain sisteman adibidez Liferea da ezagunena.
Web zerbitzuek erraztasun handiagoa ematen digute. Web orrialdeak irakurtzen dituen gailu ororekin irakurri ahal izango ditugu jarioak. Aplikazioen bidez aldiz, gailu desberdinetatik irakurri nahi baditugu, sinkronizatu ahal diren aplikazioak aurkitu beharko ditugu (beti ere arazo gehiago izango ditugu gailu mota askotarako bateragarritasuna bilatu nahi badugu). Web zerbitzuek informazio guztia hodeian gordetzen dute, eta zerbitzua oso fidagarria ez bada egunen batean gure jarioak galtzeko aukera izan genezake. Aplikazioek aldiz gure gailuetan gordetzen dute informazio guzti hori. Aplikazio eta web zerbitzuen artean badaude alde positiboak eta negatiboak, eta gure erabileraren arabera aukeratu beharko dugu.
Hala ere badago hirugarren bide bat. Tiny Tiny RSS bezalako tresna bat instalatu dezakegu. Software Libreko tresna hau web zerbitzua moduan ibiliko da. Guk nahi dugun zerbitzarian instalatu dezakegu eta zerbitzua gure lagunei edo lankideei eskaini. Hau da, tresna honen bidez gure Reader propioa eraiki dezakegu.
Googlek agur esaten dio bere RSS irakurgailuari, baina askotan aipatu bezala, RSS-ak ez daude hilik, eta oraindik ere albiste asko eta asko eman beharko dute Interneten. Infoxikazio garai hauetan tresna hauek behar beharrezkoak dira eta etorkizunean ere hala izango dira.
[box type=”info”]Artikulu hau Gaur8 astekarian publikatu da.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:
[related_posts limit=”4″ image=”100″]