Twitter bot sareak

Elpais_bot_sarea

Twitter bisitak erakartzeko tresna garrantzitsua bilakatu da. Aurretik bilatzaileekin gertatu bezala, orain Interneteko sare sozial horietan zure mezua asko zabaltzeak hobe kokatzen du zure webgunea, eta, beraz, errazago aurki daiteke. Hori lortu ahal izateko, hedabide handi batzuek hainbat estrategia baliatzen dituzte, eta ez guztiak zintzoak.

Pasa den astean, sarean Adegiren proposamenak izandako erreakzioak bilatzen zerbait ezohikoa aurkitu nuen (https://twitter.com/teketen/status/424155591418724354). Adegiri buruzko El País egunkariko albistea hitzez hitz eta erabiltzaile ezberdin askok igo zuten Twitterrera. Erabiltzaileak aztertzen hasi, eta bakoitzak zituen jarraitzaile kopuruari begiratuta behintzat, ez ziruditen benetakoak: Twitter bot sare bat zen.

Twitter bot sareak, erabiltzaile faltsuz osaturiko erabiltzaile sareak dira. Gauza ezberdinetarako erabil daitezke, baina haien betebehar ohikoena da mezu bat errepikatzea. Kasu honetan ere horrela erabili zuten; mezua bota eta era automatikoan erabiltzaile horiek guztiek errepikatu zuten.

Zabaltzen saiatzen ari ziren albisteak ez ziren soilik Adegiren ingurukoak; bot sare horrek El País-en albisteak zabaltzen ditu era automatiko eta basatian.

Ondoren, ia nahi gabe beste erabiltzaile arraro batzuk agertu ziren egindako bilaketan. Prozedura berdina, baina oraingoan Diario Vasco-ren albiste batekin. Erabiltzaile horietako batzuk ausaz hartu, eta faltsuak ziruditen. Helburua ere argia zen, albisteak etengabe hedatzea.

Era honetako estrategia ez zintzoak egiteko sare hauek zerbitzu moduan kontrata daitezke. Zerbitzu emaileak milaka profil faltsu ditu, eta zerbitzua kontratatzen duten bezeroen arabera beren mezua hedatzen hasten dira. Normalean oso argia da erabiltzaile faltsuak direla, nahiz eta badira detektatzen zailagoak direnak. Ez dakit zenbateraino eragiten duen horrek guztiak Twitterren algoritmoan. Argi dagoena da norbaitek baliabideak jarri dituela hori egiteko. Edonola ere, honek nabarmentzen du sare sozialen esparruan albiste batek arrakasta izateko hedapena garrantzitsua dela .

Ezin esan zenek jarri dituen martxan bot sare horiek, baina aipatu hedabide horiek martxan jarritako estrategiak badira, beren sinesgarritasunaren aurka doa zuzenean.

[box type=”info”]Artikulu hau Berria egunkarian publikatu da Irlen Sarea atalean.[/box]
Erlazionatutako bidalketak:

[related_posts limit=”4″ image=”100″]