Troiako epostak eta SVG Eposta Sinadura Sortzailea

Duela aste batzuk eposta sinadurak konfiguratzeko laguntza eskatu zidaten. Ordenagailua eta eposta erabiltzen dituen edozein pertsonak ezaguna izango duen kontzeptua da. Eposta sinadurak, normalean diseinatzaileek prestatzen dituzte eta orokorrean irudi formatuan sortzen dira.

Lagun honi sinadura jartzen laguntzen saiatu eta ez nuen lortu bistaratu ahal izatea. Karaktere batzuk besterik ez zeuden epostaren oinean eta irudirik ez. Beraz, kodea begiratu, HTMLa zuzendu eta listo. Baino, zein izan zen nire sorpresa? HTML taulak, PNG formatuko irudiak eta ikonoak zein marka nahasten zituen sinadura aurkitu nuela.

Irudiak epostetan:

Danok jaso dugu eposta bat oinean sinadura duena eta gainera irudi formatuan. Honelako irudi bat duen mezu baten aurrean, Thunderbird eposta kudeatzaileak hurrengo abisua ematen du: «Zure pribatutasuna babesteko, Thunderbird(e)k mezu honetako urruneko edukia blokeatu du». Eta testu gorputzaren gaineko fondo horia duen mezua kendu ahal izateko lau aukera ematen dizkizu:

  1. Erakutsi mezu honetako urruneko edukia
  2. Editatu urruneko edukiaren hobespenak
  3. Baimendu https://webgunea.eus-eko urruneko edukia
  4. Baimendu pertsona@eposta.eus-ko urruneko edukia

Zergatik blokeatzen du Thunderbird irakurleak irudi formatuan sinadura bat duen eposta sinple bat? Eta gainera “pribatutasuna babesteko” aitzakiarekin? Baimena eman behar diogu irudi horiek kargatzeko?

Mezuetan sinaduren irudiak erakutsi ahal izateko interneten nonbait gordeta egon behar dute. Irisgarri eta aktibo dagoen esteka batean egon behar dute. Beraz, eposta bat jasotzen dugunean, eta irudiak ikusteko onarpena ematen diogunean, irudi hori arakatzeko eskaera egiten diogu zerbitzariari. Honek alerta bat aktibatu dezake eta epostaren jabeak jakin dezake eposta hori irekia izan dela. Oineko irudia, troiako eposta sinadura batean bilakatuz.

Epostetako irudien arakatze hobespenak kontuan izan beharko ditugu eta irizpide batzuk ezarri irudi horiek kargatu hala ez erabakitzeko. Fidagarriak egiten zaizkizunak onartu eta beste guztiak ez onartzea da orokorrean irizpide nagusia. Hau da, lankide, bezero, ezagun eta lagunen irudiak orokorrean onartzea. Baino spam, newsletter, aurrekontuak, fakturak… dituzten epostak ez fidagarriak bezala tratatzea. Diseinu landuak edo 1×1 pixel tamainako irudi ezkutuak izan ditzakete alertak bidaltzeko. Interes handia sortzen du newsletter batek duen irisgarritasuna eta irekiera kopuruak ezagutzea edo bidalitako fakturaren eposta irakurria izan den jakiteak. Zuen esku noren irudiak, izan sinadurak ala ez, arakatzen dituzuen.

Dena den, epostean sinadura izatea ez da zerbait txarra. Izan ere, lagungarria izan daiteke helbide, webgune, edo telefonoa galdetu gabe eskaintzeko. Edo irudi korporatibo bateratu bat mantentzeko enpresa edo proiektuetako langileen artean. Marketing ikuspegitik interesgarrian izan daitezkeen estekak eskaini eta marka erakusteko espazio egokia ere. Baino, ez badut troiako irudi espioi bat erabili nahi?

SVG Formatua

Irudi formatu anitz daude webguneen edo eposten testu gorputzetan txertatzeko baliogarriak direnak. Ezagunenak: PNG transparentzia edo alpha balioa gorde dezakeena, JPEG argazkietarako egokiagoa dena eta GIF animazioak edo irudi segidak konprimatzeko formatu nagusia. Gaur egun irudi konpresiorako beste formatu modernoago batzuk baditugu baino ez dira masiboki hedatu (oraingoz). Esaterako WebP edo AVIF.

Bada irudiak erakusteko beste formatu bat ere. Naiz ez edozein irudi. SVG (Scalable Vector Graphics) formatua bektoreak editatzeko software batean sortuak dauden irudiak gordetzeko da. Eta ziur zure enpresa edo proiektuaren logoa formatu horretan sortu dela.

Irudi hauek operazio matematikoen eta koordenada segiden bitartez sortzen dira eta kodean idatzi eta eraldatu ditzakegu. Honek esan nahi du, sinadura batean horrelako irudi bat txertatu dezakegula kopiatuz eta pegatuz. Internetetik arakatu gabe eta inolako abisu posiblerik sortu gabe. Gainera, animatu daitezke kode sinple pixka batekin.

Idatzi honetarako sortutako eta animatutako irudia

Epostetan SVG irudiak sor dezakeen arazo bakarra gaizki bistaratzea da. Hau da, hemen gainean mugitzen ari den irudia ikusi ordez honelako zerbait ikustea:

Epostak kontsumitu eta bidaltzeko erabiltzen dugun softwarearen arabera egoki ala oker ikusiko dugu SVG irudi hori. Jakiteko erabiltzen dituzun tresnak uztargarriak diren formatu honekin, kontsulta egin dezakezu hurrengo esteka honetan: CanIEmail.

Gure gomendioa, Thunderbird eposta kudeatzaile librea ordenagailuan eta K-9 Mail aplikazio mugikorra erabiltzea da. Horiek ez baitute arazorik ematen SVG formatua erabili eta ikusteko.

SVG/HTML Sinadurak

Orain sinaduretan irudiak erabiltzeak sortu ditzaketen arazoak eta SVG formatua ezagutzen ditugu. Baino nola sortu dezakegu gure sinadura propioa HTML eta SVG erabiliz?

Honetarako, tresnatxo bat sortu dugu eta MIT lizentziapean zintzilikatu dugu GitHub errepositorio honetan libreki eraldatzeko aukerarekin. Bost diseinu ezberdin sortu ditugu eta horietan guztietan sare sozial federatuen promoziorako aukera gehitu dugu bakarrik. Sare sozial pribatu eta informazioaren eta datu pertsonalen arakatze eta esplotazioaren negozio ereduen aurkako neurri bezala, fedibertsoaren promozioaren aldeko apustua egitea eta komunikazio banaturako bidea abiatzea erabaki genuen.

SVG sinadurak sortzeko tresnaren formularioa, aplikazio sinple bat da eta ez du daturik arakatzen. Inork bere sinadura propioa sortu nahiko balu, tresna erabilgarri dago botoi honetan.